Aurkitu zure izena
Primary tabs
Sagarduia
Urizaharra (A) herriko Andre Mariaren baseliza. Lehendabiziko aipamena 1570ekoa da eta azkena 1830ekoa, Calahorrako (Lo) bikarioak botatzeko agindua eman zuenekoa. Uribarri herri hustuko eliza izan zen.
Sahats
Euskal Herrian oso ugaria den zuhaitza (Salix sp.), toponimian lekukotasun ugari utzi dituena: Saratxaga, Saratsua...
Sallurtegi
Andre Mariaren antzinako baseliza, Agurainen (A). 1500. urtean aipatzen da, Afrikako Oran hiria hartzean lortutako bandera bat oparitu ziotenean. Pazko astelehenean erromeria egiten bada ere, gaur egun lastategi bihurtua da. Irudia Andre Mariaren elizan gordetzen da.
Salusti
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Salustio-ren baliokidetzat proposatzen den izena. Salustio Erromako idazlea izan zen, Zizeronen garaikidea eta etsaia, ezaguna, besteak beste, Katilinaren Konjurazioa liburuagatik. Baliokideak: Salustio (gaz.) eta Salluste (fr.).
Sandora
Sanduru gizon izenaren ordain femeninoa. Egun honetan ezagutzen ez ditugun santu guztiak gurtzen dira. Jaieguna azaroaren 1ean da. Aldaera: Deunore (Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia).
Sanduru
Erdi Aroko euskal izena. Antsoainen (N) 1240an ageri da, eta Iruñean eta Larraintzarren (N) 1366an. Aldaerak: Santuru eta Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatzen den Deunoro. Hondarreko hau deun 'donea' neologismotik abiaturik sortu zuen S. Aranak. Baliokideak: Santos (gazt.) eta Toussaint (fr.).
Santsa
Erdi Aroko euskal izena, Antsa-ren aldaera (ikus izen hau). 1015ean, Leireko agirietan, Uharteko (N) Sansa Mumiz agertzen da.
Santsol
Erdi Aroko antroponimoa eta Nafarroako herria. Lazkaon (N) 1261ean agertzen da, eta Arrasaten (G) 1448an, bertako borroka entzutetsuan. San Zoilo izenaren aldaera asimilatua dela dirudi.
Santxa
Erdi Aroko euskal izena; Andreantsa, Antsa, Santsa eta Santzia aldaerak ditu (ikus sarrera hauek). XIII. mendean Berriozar aldean (N) Sancha de Berrioçaar bizi zen eta 1347an Bolibarren (B) Sancha Andispe. Aipatzekoa da, orobat, Aramaioko (A) Sancha Ochoa Ozaeta-koa, 1451n senarra hil ziotenean eresi hau kantatu zuena:
Santzia
Erdi Aroko izena; aldaeratzat Andreantsa, Antsa, Santsa eta Santxa ditu. Honen bilakaeraz ikus Antso-n esaten dena, gizon izenen zerrendan.
Sara
Lapurdiko herria (frantsesez Sare) eta Bibliako izena. Lehena ezaguna da bertako apaiza izan zen Axular idazle handiari esker. XX. mendean ere euskal kulturaren beste bultzatzaile paregabe baten bizitokia izan zen, J. M. Barandiaranena. Bibliako Sara Abrahamen emaztea eta Isaaken ama izan zen. Izena hebreerako Sarah 'printzesa'-tik dator. Jaieguna urriaren 9an da.
Sarabe
Aitziberko Andre Mariaren baseliza dagoen basoa, Urdiainen (N). Bertan aipatutako ermita elizatzat zuen izen bereko herria egon zen. Inguruko haitzetan jentilak bizi omen ziren; toki honen aurkez Jentilen leihoa deitzen duten haitzuloa dago.
Sarria
Zuiako (A) Andre Mariaren baseliza, XVIII. mendean eraikia. Jaieguna abenduaren 8an da.
Saturdi
Saturninus 'Saturnus-ena' hitzetik dator. Saturnus erromatar jainkoa eta Latioko lehenengo erregea izan zen. Done Saturdi, berriz, Okzitaniako Tolosako apezpikua izan zen III. mendean. Iruñeko san Zernin (ez nahasi san Ferminekin) santu hau bera da. Jaieguna azaroaren 29an da. Aldaerak: Satordi eta Zernin.
Saturene
Saturio izenetik eratorritako Saturiana izena-rentzat Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatutako euskal baliokidea.
Saturniñe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Saturnina-ren baliokidetzat ematen den izena.
Saustitza
Gipuzkoan azaltzen da, XVI. mendean. Osagaiak Saustin gizon izena, patronimikoaren -(e)(i)tz atzizkia eta -a bukaera femeninoa dira. Aldaera: Sostitza.