Aurkitu zure izena
Primary tabs
Ibabe
Aramaioko (A) Ibarra auzoko Andre Mariaren baseliza. Honen ondoko harizpean justizia egiten zen eta, esaten dutenez, elizako aldarea urkabetako erabiltzen zen haritzarekin egin zuten. Aramaioko patroia den Ama Birjina honen jaia iraileko bigarren igandean ospatzen da.
Ibañeta
Orreaga eta Luzaideren arteko mendatea (N). Bertan 778. urtean euskaldunek Karlomagnoren armada xehakatu omen zuten eta Errolan hil, Iruñeko sarraskia mendekatzeko. Goian Salbatoreren ermita dago, XIII. mendean erromesen ospitalea izana.
Ibañeta
Orreaga eta Luzaideren arteko mendatea (N). Bertan 778. urtean euskaldunek Karlomagnoren armada xehakatu omen zuten eta Errolan hil, Iruñeko sarraskia mendekatzeko. Goian Salbatoreren ermita dago, XIII. mendean erromesen ospitalea izana.
Ibar
Justo M. Mokoroa (Tolosa, 1901 - Bilbo, 1990) idazlearen goitizena eta azken urteotan maiz ponte izentzat erabili den hitz arrunta ('harana').
Ibarne
Honen osagaiak ibar 'harana' izena eta -ne atzizki femenino berria dira.
Ibarreta
Ama Birjinaren antzinako baseliza, Arrasatekoa (G), Areatzako Andra Maria izenaz ere ezagutzen zena. 1480an eraiki zuen Martin Bañezek, amaren agindua betez, 1464an hark aita zuen Martin Bañez Artazubiaga hil zuten lekuan. Hilketa hau zela kausa bertso hunkigarriak idatzi zituen Santxak, haren alargunak (ikus Santxa).
Ibarruri
Bizkaiko herria eta Andre Mariaren eliza. Antzina Ibarruri udala izan bazen ere, gaur egun Muxikako auzoa baizik ez da. Ibarruritarrek eliza Otzazelaiaizeneko lekuan eraikitzea erabaki omen zuten, luze eztabaidatu eta gero, baina ezin, gauez gauza guztiak ibarrera joaten baitziren. Zelatan jarritako gizon batek begia galdu omen zuen.
Ibone
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n ematen da, gaztelaniazko Ivón izenaren baliokide femeninotzat.
Idauze
Zuberoako herria (frantsesez Idaux), Arbailakoa, Mendirekin batera udala osatzen duena.
Idoia
Izaba (N) herriko baseliza eta Andre Mariaren XIII. mendeko irudia. Izena Ama Birjina agertu zen lekuari zor zaio. Antzina buruko minak kentzera joaten zen jendea bertara. Jaieguna Maiatz Pazkoko astelehenean bada ere, 1973az geroztik uztailaren lehendabiziko asteburuan batzen dira ermitan honela deitzen direnak, Idoia izenekoen xeiak deritzan festan.
Idoibaltzaga
Errigoitiko (B) Andre Mariaren eliza, uri-tik urrun samar dagoena, mendi gainean. Kondairak dioenez, 1379an Errigoitik hirigutuna eskuratzean herritarrek eliza berria hurbilago eraikitzea erabaki zuten, baina egunez eramandako guztia gauez eliza zaharraren ondora itzultzen zen. Gau batean zelatan jarri eta eraikigaiak tokialdatzen zituena Ama Birjina zela ikusi omen zuten.
Iduia
Araia eta Albeiz (A) herrien artean egon zen Andre Mariaren baseliza, lehenago Iduia herri hustuko eliza izana.
Idurre
Galdoa auzoko Andre Mariaren ermita, Mutrikun (G). Irudia Idurre dorreko seme batek aurkitu omen zuen itsasoan, eta etxe ondoan eraikitako baselizan ipini. Marinelek olioa eskaintzen zioten, babesa eskatzeko.
Igai
Igai herrixkako elizan (Erriberabeitia, A) dagoen Andre Mariaren irudia, itxura duenez, inguruetan egon zen Ama Birjinaren ermitakoa da.