Aurkitu zure izena
Primary tabs
Zabalate
Arabako herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Uda / Trebiñoren eta Ebroarroaren arteko igarobide edo "atean" dago; antzina gaztelua zuen gainean, atearen zaindari. Euskal izen zaharra, Zabalate, Andre Maria adierazteko baizik ez da gorde, bere itzulpena den Portilla izan baita izen ofizial bakarra menderik mende, euskararen bazterketaren ondorioz.
Zabaleta
Urretxu (G) herriko Andre Mariaren adbokazioa. Irudia Done Joanesen baselizakoa zen eta Zabaleta baserrian gordetzen zen. Gaur egun jabego pribatua da.
Zain
Euskarazko hitz arrunta, 'sustraia, erroa', 'odola dabilen hodia' eta 'zaindaria' esanahiak dituena. Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Patrocinio-ren euskal baliokidetzat eman zen.
Zalakain
P. Barojaren eleberri bateko pertsonaia da, eta Juan Antonio Zuntzunegi (Portugalete, 1901 - Madril, 1982) idazlearen goitizena.
Zaldubi
Gratien Adéma (Senpere, 1828 - Baiona, 1907) olerkariaren goitizena. 1901. urtean Federación Literaria Vasca - Fédération Littéraire Basque-ko buru izendatu zuten. Bere kanturik ezagunena euskaldunen biltzarretan abesteko sortu zuen Zazpi Euskalerriek da.
Zalgize
Zuberoako herria (Sauguis frantsesez) eta Andre Mariaren adbokazioa.
Zaloa
Orozko (B) herriko Andre Mariaren baseliza. 1882. urte arte parrokia izan zen, ondoan lurjabeentzako hilerria zuena, lurrik ez zutenak Olarten ehorzten baitzituzten. Jaia ekainaren 29an da.
Zamartze
Uharte Arakil (N) herriko Andre Mariaren baseliza, Aralar mendiaren magalean. Monasterio bati atxikitako herria egon zen bertan. Antso Nagusiak 1031. urtean aipatzen du. Elizak ate erromaniko ederra du.
Zaraitzu
Nafarroako ibarra eta ugaldea, erdaraz Salazar. Honako herri hauek ditu, abeze hurrenkeran emanik: Espartza, Ezkaroze, Galoze, Gorza, Igari, Itzaltzu, Izize, Jaurrieta, Orontze, Otsagabia, Sartze eta Uskartze.
Zeberiogana
Zeberio (B) herriko Andre Mariaren baseliza. Birjina ahaltsua omen da hau eta sarritan Urduñaraino joaten omen da hegan, Antiguako Ama Birjina bisitatzera, zoritzarrez irudia 1976an ebatsi zuten. Zeberio Severiano gizon izenaren euskal bilakaeraren emaitza da. 1514. urtean, Ugaon, Martin de Çeberiogana bizi zen. Jaia abuztuaren 15ean ospatzen da.
Zekondi
Erdi Aroan aldaera bat baino gehiago eduki zituen (Zecondin, Zecodin, Zekudin, Secodin...). Latinez 'bigarrena, jaiotako bigarren haurra' adiera zuen Secundus izenetik Secundinus gentilizioa atera zen, eta honen ondorengo batetik Zekondi eta aldaerak. Jaieguna abuztuaren 26an da. Baliokidea: Secundino (gaz.)
Zeledon
Grezierako Kelidonios ('enararen antzekoa') izenetik datorkigu, latineko Chelidonius-en bitartez. León (E) ingurukoa zen san Zeledon, Andeiro anaiarekin batean Tarragonan martirizatu zutena, VI. mendean. Abuztuaren 4an Gasteizko Andre Maria Zuriaren elizako dorretik irristan jaisten da, euritakotik zintzilik. Baliokidea: Celedonio (gaz.).
Zelia
Erromako barrutietako baten eta leinu baten izena zen latineko Caelius-etik dator. Jaieguna azaroaren 22an da. Baliokideak: Celia (gaz.) eta Célie (fr.).
Zigor
Erdi Aroko euskal izena. 1415ean Zigastitarrek Larrabetzun (B) Lezamako Zigor hil zuten. 'Makila', 'zigortzeko makila' adiera duen euskal izen arrunta ere bada, jakina.
Zikuñaga
Hernaniko (G) Andre Mariaren baseliza, bertan Zikuñagako Ama Birjiña Beltza izenaz ezagutzen dena. Euskal Herrian dauden zazpi Ama Birjina beltzetako bat da. Haren faborea lortzeko burua horman dagoen zulo batean sartuta errezatu behar omen da kredoa.
Zilar
Zilar hitz arruntean oinarri duen Erdi Aroko izengoitia. Lesakan (N) 1366an Machin Zillar agertzen da.
Zilia
Oibarko (N) antzinako ermita. Irudi duenez santa Zeziliari eskainia zegoen, baina Santa Cilia aldaera XIV. menderako ageri da, eta gero 1534an errepikatzen.