Aurkitu zure izena
Primary tabs
Orhi
Pirinioetako mendia (2.021 m). Oihenartek XVII. mendean bi atsotitzetan aipatzen du, 372.ean ("Orhiko xoriak, Orhi laket") eta 373.ean ("Orhin ekhia bero"). Lehenean, gainera, azalpen hau ematen du: "Orhi da Bortuetan mendi gora bat, Nafarroa elgatako ('Nafarroa Garaiko' dirudienez) eta Zuberoako mugan".
Oria
Auria-ren Erdi Aroko aldaera. Lizarran (N) 1333. urtean dona Oria d'Ouanos bizi zen.
Oritz
Nafarroako herria eta Andre Mariaren eliza, irudi erromanikoa duena. Bertan baziren XVI. mendeko margolanak.
Orixe
Nikolas Ormaetxea (Orexa, 1888 - Añorga, 1961) idazle eta euskaltzain osoaren goitizena. Egindako lanik aipagarriena Euskaldunak poema dugu.
Orkatz
Basoan bizi den oreinaren familiako hausnarkari txikia (Capreolus capreolus).
Oro
Zuia (A) ibarrean biziro leku eder eta ikusgarrian kokatutako Andre Mariaren santutegia. Herrikoek beherago eraiki nahi izan omen zuten, baina alferrik, eramandako gauza guztiak lekuz aldatu eta egun santutegia dagoen tokian agertzen baitziren. Erromatarren garaiko (I-III. mendeak) Akitaniako idazkunetan agertzen den izena ere bada Oro.
Ororbia
Oltza zendeako (N) herria eta bertako elizako aldare batean dagoen Andre Mariaren irudia. 1043an Nafarroako erregeak Ororbia Santxo Fortuñezi eman zion eta lau urte beranduago honek Leireko monasterioari utzi. Emate agiriko lekukoetako bat Enneco Lopiz Bizkaiko jauna izan zen.
Orose
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Orosia edo Eurosia izenaren baliokidetako ematen da. Santa Orosia Baionan jaio zen VII. mendean, eta mairuek Jakan martirizatu eta hil zuten 714. urtean. Jaieguna ekainaren 25ean da.
Orrao
Andre Mariaren antzinako baseliza, Albeizkoa (A). Irudia herriko elizan gordetzen da eta izenak bertako errota baten deizioan dirau bizirik.
Orreaga
Andre Mariaren adbokazioa, komentua eta Donejakue bideko lekurik ezagunenetakoa. Debozio handia izan zaio; Mendekoste aitzineko asteetan inguruko herrietatik beilan joaten dira Orreagara eta Ama Birjinaren iturrian edaten dute. Kondairak dioenez, Andre Maria luzaz galdurik egon zen, mairuen beldurrez ezkutatu baitzuten.
Orta
Lizarrako (N) monasterioa, lehen Andre Mariari eskainirik zegoena, gaur egun San Benitorena bada ere. Ortaren aurreneko aipamena 1276. urtekoa da.
Orti
Latineko Fortunius (Fortuna teonimotik) izenaren euskal aldaera, erdarazko Fortun, Fortuin, Fortuño eta Ortuño-ren kidea. Dokumentazioan frankotan agertzen zaigu; lehendabiziko lekukotasuna Leirekoa da, 1043koa (Orti Ortiz).
Ortixa
Orti euskal izenaren Erdi Aroko baliokide femeninoa. Naxurietan (N) agertzen da, 1230ean (Ortissa de Enassurieta).
Ortzadar
Zeruan sortzen den uztai koloretsua, eguzkiak argia eurian islatzen duenean. Sineste askoren iturri izan da mitologiako izen hau. Adibidez, ekaitza dagoenean Ortzadar-en babesa eskatzen da. Ostadar honen aldaera da.
Osaba
Ahaidegoa adierazten duen izen arrunta eta Erdi Aroko antroponimoa. Ziortzako (B) kolegiatak zituen saroien zerrendan agertzen da, 1398an.
Osana
Gutxienez XVI. mende arte iraun zuen izena. XIV. mendean Bilbon eta Ziortzan (B) azaltzen da, eta 1493an bigarren herri horretan (Osana de Martitegui). Inoiz Ozana (Ozana de Herçilla, Durango, B, 1514) eta Usana (Vsana de Yloro, Ondarroa, B, 1490) aldaerak ere agertzen dira.
Osane
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Osana-ren eta (Nuestra Señora de los) Remedios-en baliokidetzat ematen den izena. Jaieguna apirilaren 27an da.
Oskarbi
Zeru garbia, hodeirik gabea adierazten du hitz honek. Osagaiak ortzi (ikus Urtzi) eta garbi dira.