Aurkitu zure izena
Primary tabs
Nabar
Ohiko euskal izena Erdi Aroan, XIII. mendeko Zangozako zinpeko batena, adibidez. Emakume izena ere, Nabarra, arrunt erabilia izan zen. Adituen ustez Nafarroa izenaren oinarrian dagoke, bestelako azalpenak ere izanagatik.
Nabarra
Gutxienez XVI. mende arte iraun zuen euskal izen jator usua. 1198an Iratxeko (N) dokumentazioan dona Nabarra aurkitzen dugu; 1330ean Murgiako (A) lehenengo anderea honela deitzen zen, eta, bestalde, 1528an Baztango Arizkunen Nabarra de alfaro azaltzen da. Aldaera: Nafarra.
Nafarra
Nabarra izenaren aldaera. 1481ean Markinan (B) azaltzen da (Nafarra de Ugarte), eta XVI. mendean Berrizen (B).
Nagitz
Ezkabarteko (N) herri hustua eta desagertutako Andre Mariaren antzinako ermita.
Nagore
Artzibarko (N) herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Irudia XIV. mendekoa da.
Nahia
Hitz arrunta, euskaraz duen esanahiagatik usu ponte izentzat erabilia. Aldaerak: Gure eta Nahikari.
Naiara
Najerako (Lo) Andre Mariaren adbokazio ezaguna, behinola Naiara idazten zen herrikoa. Monasterioaren sortzaile izandako Gartzia VI.a bertan dago ehortzirik, Nafarroako beste errege-erregina asko bezala, Najeran egon baitzen luzaz nafar gortearen egoitza. Bizkaiko jaun izandako Lope Haroko Ona ere bertan dago lurperaturik. 1076an Gaztelako erresumak bereganatu zuen.
Naroa
Euskal adjektiboa ('ugaria, oparoa'), Gipuzkoako kostaldean lasai hitzaren sinonimoa. Azken aldion maiz haurrak izendatzeko erabili izan da.
Natxitua
Ea (B) herriko auzoa eta Andre Mariaren adbokazioa. Kondaira asko daude Ama Birjina honen inguruan. Horietako baten arabera irudi zaharra erre nahi izan omen zuten, Italiatik ekarritako beste batez ordezkatzeko, baina zipilatzeko partez norbaitek santa Ageda baselizan gorde omen zuen.
Negu
Urtaro baten izena eta naturaren indar gehienak bezala mitologiako izakia. Esaera zaharretan askotan agertzen da: "Negua elhurte, uda ogite"; inoiz pertsona balitz bezala hitz egiten zaio: "Uda ta negu, eguzu ogi ta su".
Negua
Urtaroetako bat da negua. Askotan agertzen da esaera zaharretan ("negua elurte, uda ogite") eta inoiz pertsona balitz bezala hitz egiten zaio.
Nekane
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Dolores-en baliokidetzat proposatzen den izena. Andre Mariaren adbokazio hau Alemaniako Marinthal santutegian sortu zen, XIII. mendean. Bost izan ziren hasieran Ama Birjinaren min edo nekeak: Simeonen profezia, Jesus tenpluan galtzea, kartzelaratzea, gurutzean hiltzea eta errukia.
Neketi
Erdi Aroko izena. Valpuestako dokumentazioan agertzen da, esaterako. A. Irigoienen ustez, Nicetus izenaren aldaera datekeen Niceti(us)-etik sortu zen Lekeitio toponimoa.
Nekoitza
XVI. mendean Gipuzkoan azaltzen den izena. Osagaiak Eneko-tik atera den Neko, patronimikoaren -(e)(i)tz atzizkia eta -a bukaera femeninoa dira. Irudi duenez, Eneko-ren emaztekientzako aldaera besterik ez da hau, Oneka-ren parekoa beraz.
Nere
Nera eta Nereo izenen baliokide femeninotzat Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n ematen den forma. Nereo Greziako itsas jainko zaharra zen, Poseidonen aurrekoa. Izen bereko santua Erroman bizi izan zen I. mendean, eta harengandik sortu zen, analogiaz, Nerea emakume izena.
Nerea
Jabetza adierazten duen hitz hau ponte izentzat erabili izan da, artikuluarekin (Nerea) zein artikulurik gabe (Nere). Diktadura garaian, euskal izenak debekaturik baitzeuden, erdarazko Nereo-ren femeninoa zela esaten zen, egiazki euskaraz duen adieragatik erabiltzen bazen ere. Aldaera: Enea.
Neskato
Akitaniako idazkunetan agertzen da euskal izen hau, erromatarren garaian (I-III. m.). Saléchan-go (F) elizako horman dagoen hilarri batean eta Tolosako museoko beste batean irakur daiteke Nescato izena.
Neskur
XIX. mendearen amaieran sortutako izena. Osagaiak neska eta haur direla dirudi.