Aurkitu zure izena
Primary tabs
Uguzne
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Bautista izenarentzat bi baliokide proposatzen dira: Ugutz (gizona) / Uguzne (emakumea) eta Batista (gizona) / Batiste (emakumea). Lehen parea ugutz 'bataio' neologismoan oinarriturik dago eta Kristo Elizan sartzea izendatzen du.
Ula
Agurain (A) herriko baseliza, 1305. urtetik aurrera aipatua. Gaur egun eraikuntza ia zeharo hondaturik dago; irudia Andre Mariaren elizan gordetzen da.
Umandi
Altzania mendikateko tontorra (1.224 m), Araba eta Gipuzkoaren artean dagoena. Antonio Urrestaratzu (Araia, 1902 - Gasteiz, 1993) idazlearen goitizena ere bada.
Unai
Unai izen arrunta da eta 'behiak zaintzen dituena' esan nahi du. Beste asko bezala goitizentzat erabili izan da; esaterako, Artaxoan (N) Garcia Unaia agertzen da 1167. urtean. Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Buen Pastor-en baliokidetako Unai eta Unai-ona azaltzen dira.
Unaisa
Euskal Izendegia-n biltzen den izena. Egileak gaztelaniazko Pastora-ren baliokidetzat ematen du.
Unañe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatzen diren beste izen batzuen analogiaz sortu da.
Unbe
Laukizko (B) mendia. Andre Maria Unben agertu bide zen orain dela urte batzuk eta harrezkero debozio handia diote tokiari, nahiz Eliza Katolikoak ez duen agerpen hura onartu.
Untza
Okondoko (A) Irabaien auzoko eliza. J. P. Ulibarri okondar idazleak XIX. mendean eliza horretan euskaraz irakasten zela azaltzen du. Egungo eliza 1772an eraiki zuen Mexikon aberastutako indiano batek. Zaharra Untza dorrearen ondoan zegoen, ibai ertzean. 1793an izandako uholdeetan ura aldareraino iritsi zen. Huntza landare igokari baten izena ere bada.
Untzizu
Arellano (N) herriko baseliza. Inguruetan erromatarren garaiko hilarri asko aurkitu dira, horietako bat ermitako horman bertan. Andre Mariaren irudia XIII. mendekoa da.
Urabain
Andre Mariaren antzinako baseliza, Asparrengoa (A). Eraikuntza Andramarialde izeneko dermioan zegoen.
Uraburu
Axpuru herriko baseliza, Donemiliagan (A). Jatorriz Mendieta herri hustuko eliza zen.
Uralde
Uralde-ko bi Andre Maria daude, bat Uda / Trebiñon eta bestea Haranean (A). Araikoko Ama Birjina Trebiñoko patroia da, san Formeriorekin batera. Eraikuntza erromanikoa da eta inguruan hilobiak eta antzinako hondakinak aurkitu dituzte. Jaieguna irailaren 8an zen, baina orain hil beraren lehen asteburuan ospatzen da. Haranekoa (A) herrian dago, Istora errekaren ondoan.
Urarte
Urarteko (A) Andre Mariaren adbokazioa. Eraikuntza gotikoa da, baina atea erromanikoa. Jaia abuztuaren 15ean ospatzen da.
Urbasa
Nafarroako mendi ezaguna. Nafar guztien ondarea bada ere, haren jabetza zela medio gorabehera eta auzi asko egon dira historian zehar. Abuztuan Otsarrate (Otxoportillo) eta Pilatosen balkoira joateko ohitura dago, 1936an matxinatuek hil zituztenen oroitzapenetan. Bakedanotarren Urbasako jauregian bada Andre Mariaren irudi bat.
Urbe
Zirauki (N) ondoko herri hustua. Andre Mariaren eliza beranduago ermita izan zen, hondatu eta desagertu zen arte.
Urbia
Aizkorriko aurkintza ezaguna. Bertan artzainen saroiak ez ezik 1924an eraikitako Andre Mariaren baseliza ere badago.
Urdin
Erdi Aroko euskal deizioa, segur aski urdin 'grisantza', 'zurikara' adjektiboan oinarrriturik dagoena. Azkoitian (G) 1484an ageri da eta Oñatin (G) 1489an. Urdinso, Urdintxo eta Txurdin, Txurdintxo ere aurkitzen ditugu.