Aurkitu zure izena
Primary tabs
Eate
Goierri (G) aldean ekaitza ekartzen duen izaki mitologikoa adierazten du izen honek.
Eba
Itun zaharrean agertzen den lehenengo emakumearen izena. Hebreerako izen honen esanahaia iluna da: batzuek Hauuâb-ekin erlazionatzen dute (hâyâh hebreeraz 'bizia' da) eta beste batzuek sugearen izenarekin. Bibliaren arabera Jainkoak Adamen saihets hezurra erabiliz sortu zuen lehen emakumea, eta debekatutako zuhaitzaren fruitua jateagatik biak, Adam eta Eba, egotzi zituen Paradisutik.
Eder
'Polita' adiera duen euskal adjektiboan du izen honek iturri. Egun aski hedaturik dago Euskal Herrian.
Ederne
Eder adjektiboa oinarritzat hartuta sortu da izen berri hau, S. Aranaren bideko -ne atzizkia erabiliz. Ikus Ederra.
Ederra
Esanahi argia duen Erdi Aroko euskal izena, Nafarroan 1036an dokumentatua. Aldaera: Ederne.
Edunxe
Akitaniako St. Gaudens herrian aurkitutako erromatarren garaiko (I-III mendeak) hilarri batean agertzen den emakume izena.
Edur
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n ageri den Edurne-ren gizonentzako ordaina. Edur 'elurra' bizkaierazko hitza da, euskalki honetan egin baitzen aipatu santu izendegia.
Edurne
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko (Nuestra Señora de las) Nieves-en euskal baliokide femeninotzat proposatutako izen hau izan da arrakasta gehien eduki dutenetako bat. Oinarrian mendebaldeko hizkeretako edur 'elurra' dago; atzizkia S. Aranaren lanean emakume izenak sortzeko erabiltzen den -ne da.
Edurtzeta
Bi dira izen honetako Andre Mariaren adbokazioak: Muxikako (B) Gorozika auzoko baselizakoa eta Markina-Xemeingo (B) Iruzubietakoa. Bigarren honen jaia abuztuaren 5ean da, baina erromeria hurrengo igandean egiten da. Gorozikakoa ere abuztuaren 5ean zen, gaur egun ospatzen ez den arren. Aldaerak: Edurne (Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia) eta Edurtza.
Ega
Mediterraneoar isurialdeko ibaia eta Erdi Aroko izena. 1094an Ega Gutier zeritzan batek putzu bat zuen Añana (A) herrian. Hau, alabaina, Aita-ren Etxa aldaeraren irudikatze grafikoa ere izan liteke.
Egiarte
Deierri (N) ibarreko Andre Mariaren baseliza. Ama Birjina nekazari bat goldaketan ari zenean agertu omen zen, Allotz eta Lakar herrien arteko mugan, eta horregatik bi herriek nahi omen zuten. Azkenik, baseliza irudia aurkitutako lekuan eraikitzea erabaki omen zen, bi herriena izateko. Bada aurkikundeaz mintzo den kanta. Jaiak abuztuaren 11n eta irailaren 8an dira.
Egieder
Paulino Solozabal (Markin-Etxebarria, 1912) idazlearen goitizena. Hainbat aldizkaritan idatzi du eta Uskeriak, Urre-bizitza, Gizonetan eta Erri Arnasaizeneko liburuak eman ditu argitara.
Egillor
Olloibarko (N) herria eta Andre Mariaren adbokazioa. XIII. mendearen amaierako irudia Done Mikelen elizan dago gorderik. Kataluñako Arte Museoan bada ohol gainean egindako Egillorko margolan bat. Herriaren lehendabiziko aipamena 1099. urtekoa da; Zeia Zarra zeritzan monasterioko lurrak berrotzeagatik izandako epaiei zor zaie. Herriko jaiak irailaren 29an dira.
Egokiñe
Beste batzuetan bezala herriak sortutako izena da hau, gaztelaniazko Justa-ren baliokidea. Osagaiak egoki adjektiboa eta -ñe bukaera femenino berria dira.
Eguantza
Goiznabarra, goiztiria, egunsentia edo eguantza beti miretsi eta gurtu izan da, eguzkiaren eta biziaren itzulera adierazten duelako. Arrazoi honengatik etxeak, eliza erromanikoak, eta zaharragoak diren neolito garaiko trikuharriak ere Ekialdera begira eraiki izan dira. Baliokideak: Goizalde, Goizargi, Goiztiri, eta Goizane.
Eguen
Euskal Herriko mendebaldean 'osteguna' adierazteko erabiltzen den izena.
Eguzki
Munduko erlijio zahar guztietan egon da Eki edo Eguzkiarekiko jaiera, hori baita bizitzaren iturria.