Aurkitu zure izena
Primary tabs
Uba
Andre Mariaren antzinako baseliza, Altzan (G). Ama Birjinaren laguntza hagitz eraginkorra omen da begietako eta buruko minak sendatzeko, bai eta ongi lo egiteko ere. Hau dela-eta Lo oneko Ama Birjina deitzen zaio. Hua izenaz ere ezagutzen da.
Ubeltso
Erromatarren garaiko Oiartzungo (G) idazkun batean agertzen den izena. Hilarriko aurpegia, kondairak dioenez, Andrearriaga-ko baselizatik lore sorta lapurtu eta liliak ez itzultzeagatik harri bihurtu zen zaldunarena da.
Uda
Urtaroa eta Trebiñoko konderriaren izen historikoa, zein bertako herriburuaren izenak (Treviño-k) ordezkatu baitzuen. Baliokideak: Udara eta Udaneneologismoa.
Udalats
Elorrio (B) eta Arrasateren (G) arteko mendia. Azken urteotan zabaldu den Udalaitz idazkera okerra baztertu beharrekoa da.
Udalatx
Elorrio (B) eta Arrasateren (G) arteko mendia. Azken urteotan zabaldu den Udalaitz idazkera okerra baztertu beharrekoa da.
Udiarraga
Ugao (B) herriko Andre Mariaren adbokazioa. Irudia Ugao eta Zeberioko mugetan agertu zen, elorri baten gainean. Ermita non egingo zuten erabakitzeko argizariekin joan omen ziren bertara, eta itzali ziren lekuan eraiki omen zuten, behinola artzainek beren auziak garbitzen zituzten haritzaren ondoan. Oraingo eliza 1778an eraiki zuten kofrakideek.
Udotz
Andre Mariaren antzinako baseliza, Lizasokoa (N). Hondatu zenean irudia herriko elizara eraman zuten.
Ugarana
Dima (B) herriko auzoa eta elizaren ondoan dagoen Andre Mariaren ermita. Jaia irailaren 8an da.
Ugazi
Gasteizko Otobarren kontzejuko Andre Mariaren baseliza, Badaia mendiko bidean. Beste izenak Ubarriaran, Ugasioran eta Ugaziaran dira. San Prudentzio egunean, apirilaren 28an, eramaten da irudi erromanikoa parrokiara eta ekainaren lehenengo larunbatean ermitara bihurtzen.
Ugo
Gain batean dagoen Andre Mariaren baseliza, Artetan (N). Irudi gotikoa Mendekoste aurreko egunean herrira jaitsi ohi zuten, baina zoritxarrez orain galdua da. Jaieguna abuztuaren 15ean da.
Ugutz
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n Bautista izenarentzat proposatzen diren bi baliokideetako bat dugu Ugutz; bestea Batista da.
Uguzne
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Bautista izenarentzat bi baliokide proposatzen dira: Ugutz (gizona) / Uguzne (emakumea) eta Batista (gizona) / Batiste (emakumea). Lehen parea ugutz 'bataio' neologismoan oinarriturik dago eta Kristo Elizan sartzea izendatzen du.
Ula
Agurain (A) herriko baseliza, 1305. urtetik aurrera aipatua. Gaur egun eraikuntza ia zeharo hondaturik dago; irudia Andre Mariaren elizan gordetzen da.
Umandi
Altzania mendikateko tontorra (1.224 m), Araba eta Gipuzkoaren artean dagoena. Antonio Urrestaratzu (Araia, 1902 - Gasteiz, 1993) idazlearen goitizena ere bada.
Unai
Unai izen arrunta da eta 'behiak zaintzen dituena' esan nahi du. Beste asko bezala goitizentzat erabili izan da; esaterako, Artaxoan (N) Garcia Unaia agertzen da 1167. urtean. Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Buen Pastor-en baliokidetako Unai eta Unai-ona azaltzen dira.
Unaisa
Euskal Izendegia-n biltzen den izena. Egileak gaztelaniazko Pastora-ren baliokidetzat ematen du.