Aurkitu zure izena
Primary tabs
Oinatz
Azpeitiko dorretxea. Hemendik hartu zuen izena Erdi Aroko Ahaide Nagusietan leinu garrantzitsuenetakoa izan zenak, oinaztarrenak.
Oitia
Opakuarako bidean, Kontrasta (A) herriaren ondoan egon zen Andre Mariaren baseliza. Azkenengo berria 1835. urtekoa da, karlistek bertan bolborategia egin zutenekoa.
Oiz
Bizkaiko mendia (1.026 m) eta Santi Onaindia (Amoroto, 1909 - Gasteiz, 1996) idazlearen goitizenetako bat. Besteak Otra eta Igotz dira.
Oka
1496an Martin Saenz Askoeta Okak eta Maiora Gonzalez Butroekok Muxikako (B) Gorozika auzoan sortutako Andre Mariaren baseliza da hau, herrian Edurtzetako Andra Mari deitua. Errepidearen ondoko harri batean dagoen zuloa Ama Birjinak zapaltzean egin zuela esaten da. Jaia abuztuaren 5ean da.
Okariz
Donemiliaga (A) udalerriko herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Okarizen lehen aipua XI. mendekoa da, 1062an herriko zaldun bat ageri baita Iratxeko monasterioko dokumentazioan. Eliza XIII. mendean egin zen, eta irudia ere bai. Hau, luzaz lurperaturik egon zen arren, Arabako ederrenetako bat da.
Oker
Erdi Aroko euskal izena. Egun desagertua den Sabando ondoko Okerruri ('Oker izenekoaren hiria', etorkiz) herriaren izenean utzi zuen aztarna, Araban.
Okerruri
Sabandoko (A) Andre Mariaren baseliza, Maeztu udalerrian, Ikurralde eta Okorrialde izenez ere ezaguna. Berez Okierruri ('Oker-en hiria') herri hustuko eliza zen.
Okina
Arabako herria eta Andre Mariaren eliza. Eraikuntzak baditu aztarna erromanikoak. Diotenez, inguruetako hartzulo batean aztiak eta sorginak bizi dira. Morentinen ere (N) egon zen Okina izeneko Andre Mariaren baseliza, baina hau egoera kaskarrean baitzen irudia Leorina eraman zuten.
Okon
Bernedo (A) herriko Andre Mariaren santutegia, Toloño mendiaren magalean. Hemen Ama Birjina artzain bati agertu omen zitzaion. Antzina haren laguntza eskatzen zen elurte eta izozteetan. Jaieguna abuztuaren 15ean eta irailaren lehenengo larunbatean da.
Olaia
Grezierako Eulalia 'ongi mintzo dena' izenetik datorkigu. Santa Olaia IV. mendean bizi izan zen, Meridan (E), eta 12 urte zituela hil zuten, kristaua izateagatik. Jaieguna abenduaren 10ean da. Aldaerak: Eulali, Eulari eta Laia. Baliokideak: Eulalia (gaz.) eta Eulale (fr.).
Olarizu
Gasteizko herri hustua eta Andre Mariaren antzinako baseliza. Herria Mendiola ondoan zegoen; ermita, behinola eliza izandakoa, 1825ean bota zuten, eta harrizko gurutze batez ordezkatu. XIX. mendean labore biltegia eraiki zuten bertan.
Olarre
Olarreko Señorea Mariren irudikapenetako bat da (Ikus Mari). Upon (B) egoten omen zen eta hemendik Txakarrera joaten omen zen eguzkia hartzera eta ilea orraztera. Behin andre batek haserre eman omen zion horregatik eta, mendekuz, Olarreko Señoreak esnea galarazi omen zion.
Olartia
Errioxako Rodezno herriko Andre Mariaren baseliza. Eraikuntza berria den arren, inguruan badaude Goiz Erdi Aroko hilobiak. Zoritxarrez, 1975ean barruko irudi eta margolan guztiak ebatsi zituzten. Gogoan izan behar dugu Errioxako eremu zabal bat euskalduna izan zela eta Ojacastroko foruan, esaterako, euskaraz hitz egiteko eskubidea onartzen zela.
Olatz
Azpeitiko (G) Andre Mariaren baseliza, Izarraitz auzokoa. XVIII. mendera arte bertan biltzen ziren Gipuzkoako Batzar ohiz kanpokoak. Subitzan (N) ere bada Olatz izeneko Andre Mariaren beste adbokazio bat.
Oleta
Aramaioko (A) kontzejua, Muxika ere deitua, eta Andre Mariaren eliza. Mendiez bestaldean dagoenez gero, hots, Bizkaiko golkora begira ez dagoen udalerriko kontzeju bakarra denez gero, arrunt nekeza zen bertako bizilagunentzat Ibarrera joatea, eta horregatik eraiki zuten eliza berria. Nafarroako Orbaibarren ere bada izen bereko herria, erdaraz Olleta esaten zaiona.
Olio
Erdi Aroko izena; 804. urtean azaltzen da, Valpuestako monasterioaren sortze agirian. Euskaraz olibatik ateratzen den isurkari koipetsuaren izena ere bada.