Aurkitu zure izena
Primary tabs
Oloritz
Orbaibarko (N) herria eta udalburua. Bertako San Bartolome elizan dago Etxano herri hustutik eramandako Andre Mariaren irudia.
Oña
Salbatoreren monasterio bikoitza eta gaztelua. Antso Gartzeitzek eraiki zituen, 1011n, Burevatik (Bu) Ebro ibarrera joateko igarobide estrate-gikoa babestearren. Beranduago, Iruñeko Antso Nagusiak bertako lekaide eta lekaimeak egotzi eta Frantzia aldetik san Enekoren agindupean ekarritako lekaideak jarri zituen.
Ondiz
Leioako (B) Andre Mariaren baseliza. Lamiako auzoaren ondoan dago, Ibaizabal itsasadarraren gainean. Hemendik gertu dorre bat egon zen. Jaia irailaren 8an da. Marinelek erregu honekin eskatzen zioten babesa:
Andre Maria Ondizkua
goiko zeruko lorea
entzun egiguz geure agapiak
amatxu maite-maitia.
Ondoa
Goiuri herriaren ondoan dagoen Andre Mariaren baseliza, Urkabustaizen (A). Ondoa herri hustuko eliza izan zen. XX. mendean, ermita hondatu zenean, Ama Birjinaren irudia Goiuriko elizara eraman zuten.
Oneka
Erdi Aroko euskal izen usua, Eneko-ren femeninoa. Nafarroako Antso Gartzeitz erregearen alaba bat honela deitzen zen. Lehen aldiz Iruñean aurkitu dugu; hemen Gomiç Sugaharra zeritzan gizon baten Oneca emaztea ageri da, 1024. urtean. Maizko izena izan zen Nafarroako errege-erreginen lehenengo leinuan. Aldaerak: Eneka eta Nekoitza.
Onintza
Onintza Jose Olaizolaren "Oleskari zaharra" izeneko opera bateko pertsonaia da.
Onintze
Gaztelaniazko Buen-Rocío izenaren itzulpena, arrakasta handikoa. Hala ere, itzulpen hori ez da zuzena, euskaraz Ihintzona esan behar litzateke-elako.
Opakua
Opakua (A) herriko Andre Mariaren adbokazioa. Hemen Ama Birjinari eskainitako bi eliza izan ziren, elkarren aldamenean. Hauetako bat bestea ordezkatzeko eraiki zen. Alfontso X.ak Egileor, Arrizal, Alangua eta Opakua herriak eman zizkion Agurain hiriari, biztanleen nahiaren kon-tra. Hauek batzarrak egin zituzten Untsaurbiribila izeneko lekuan askatasuna lortzeko.
Orbaitz
Longida (N) ibarreko herria eta Andre Mariaren adbokazioa, Done Martieren elizakoa. Gaur egun herria hutsik badago ere, karrikak eta egitura gotikoko etxeak oraindik ikus daitezke. Herriko jaiak abenduaren 26an eta Igokundearen asteazkenean ziren.
Orbange
Gaztelaniazko Inmaculada-ren euskal baliokideetako bat da hau. Egun horretan (abenduaren 8an) Andre Maria bekaturik gabe jaiotzea ospatzen da. Jaia Ekialdean sortu zen eta handik Erromara etorri, non 1476n onartu baitzen. Baliokidea: Inmaculada (gaz.).
Orbita
Erdi Aroko izena, Auribita-ren aldaera, itxuraz (cf. Oribita, Orobita). Honela deitzen zen Nafarroako Antso lehenaren alabetako bat. Gizon izena ere izan zitekeen.
Ordizia
Gipuzkoako herria eta Igokundearen Andre Mariaren adbokazioa. Egungo eliza XVIII. mendean eraiki zuten.
Ordoitz
Izen honetako toponimo bat baino gehiago ditugu Nafarroan, Jimeno Juriok dioenez: Ordoiz Lizarrako herria izan zen, gaur egun baserri bihurturik bizi den arren; Gollaon (N) ere Erdoiz, Ordoyza, Ordoyça, Ordoyz izeneko herri hustua genuen. Muzkin (Gesalatz, N) eta Urben (Zirauki, N) Erdoiz edo Ordoiz ageri dira, eta Aranatzerrian (N) Herrdocia.
Oreitia
Gasteizko herria eta elizako aldare batean dagoen Arrosarioko Amaren irudia. Herriaren aurreneko aipua 1025. urtekoa da.
Oreka
Angucianako (Lo) Andre Mariaren baseliza, Zihuriko bidean. Egungo eraikuntza XVII. mendekoa den arren, badirudi oinarria zaharragoa dela. Euskaraz izen arrunta ere bada.
Orella
Bideko Andre Mariaren ermita, XVIII. mendekoa, Arribe-Atallun (N). Orella-Goikoetxeatarrek eraiki zuten eta hortik izena. Luzaiden (N) bada Orelladeritzan aurkintza.
Orendain
Gipuzkoako herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Herriak Tolosarekin bat egin zuen 1374an eta 1615ean lortu zuen hiribildua izatea. Nafarroan ere bada izen bereko herri hustua, Girgillao eta Mañeruren artean.
Orentzi
Aldaera hau Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatu zen, gaztelaniazko Orencio-ren baliokidetako; jatorria latineko Orientius 'ekialdekoa' hitzean du. San Orentzio (IV. m.) idazlea izan zen eta Auch-eko (F) apezpikua. Erlikiak Huescan daude. Jaieguna maiatzaren 1ean da. Baliokidea: Orencio (gaz.).
Orgi
Ultzamako (N) hariztia, egun parke naturala. Euskal Herrian hobekien gorde den mota honetako basoetako bat da.