Aurkitu zure izena
Primary tabs
Amagoia
N. Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII eleberrian agertzen den pertsonaia baten izena, Amaia-ren amarena hain justu.
Amaia
N. Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII eleberrian agertzen den pertsonaia nagusia. Esanahia argia da: 'amaia', 'amaiera' edo 'bukaera', bera azkenekoa baita.
Amaiur
Baztan (N) haraneko herria, bertan egon zen gazteluagatik ezaguna. Tamalez, 1522an Gaztelako armadak gotorlekua eraitsi eta suntsitu zuen, barruan Nafarroako erregearen aldeko borrokalariak baitzeuden, besteak beste Xabierko san Frantziskoren anaiak.
Amane
Jendeak sortu du izen hau, ama hitzaz eta -ne atzizki femenino berriaz baliaturik.
Amarita
Gasteizko herrixka eta bertako Done Petri apostoluaren elizan dagoen Arrosarioko Andre Maria.
Amata
Latineko Amatus 'maitatua' hitzetik sorturiko Erdi Aroko euskal izena. 1249an ageri da, Iparraldean. Gaztelaniazko Amada aldaera ere erabili izan da gure artean. Jaieguna urtarrilaren 20an da.
Amate
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n Amada santu izenarentzat proposaturiko kidea.
Amatu
Latineko amatus 'maitatua' hitzetik sorturiko Erdi Aroko euskal izena. 919. urtean Valpuestako kartularioan dokumentatzen da eta 1033.ean Leiren (Xemena mulier de Amatu 'Xemena Amaturen emaztea'). Erdarazko Amado aldaera ere erabili izan da gure artean.
Amatza
Iurretako (B) Done Martieren baselizan dagoen Andre Maria lehen irudia. Elizatto honen lehendabiziko aipamena 1072.ekoa da, errege Antso Peñalengoak Kukullako Donemiliagari (Lo) atxiki zionekoa: "... Sancti Martini de Ihurrieta". Jaieguna uztailaren 4an da.
Amelia
Zail da izen honen jatorria zehaztea: batzuen ustez grekoko amalós izenetik datorke; beste batzuen iritziz, ordea, germanierazko Amalberga izenean duke sorburu. Amalia izeneko santua Belgikan bizi izan zen VIII. mendean. Jaieguna irailaren 19an da. Aldaera: Amale (Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia).
Amets
Hitz arrunta, duen esanahiagatik ('ametsa', 'nahikaria') euskaraz ponte izentzat usu erabilia.
Ametsa
Hitz arrunta, duen esanahiagatik ('ametsa', 'nahikaria') euskaraz ponte izentzat usu erabilia.
Ametz
Euskal Herrian, Izki (A) parkean esaterako, oso arrunta den haritz mota (Quercus pyrenaica).
Ametza
Laranga auzoko Andre Mariaren adbokazioa, Mutrikun (G). Horretaz gain haritz mota bat ere bada (Quercus pyrenaica).
Amezti
Juan de Yurre idazlearen goitizena eta leku askotan aurkitzen dugun toponimoa, Malerrekan (N), esaterako. Osagaiak ametz zuhaitz izena eta -diatzizkia (txistukari atzean -ti) dira.
Ameztia
Ezkurra eta Ezpelura ibaien arroak banatzen dituen Malerrekako (N) mendia. Osagaiak ametz (Quercus pyrenaica) dendronimoa, -di atzizkia (txistukari atzean -ti) eta artikulua dira.
Amilaitz
Nemesio Etxaniz (Azkoitia, 1899 - Donostia, 1982) idazlearen izengoitia.
Amilamia
Agurain (A) inguruko izaki mitologikoa, aiurri atsegin eta onekoa, behartsuak laguntzen dituena. Lamina gehienak bezala erreka ondoan egoten da maiz, ilea orrazten ari.