Aurkitu zure izena
Primary tabs
Akiturrain
Andre Mariaren baseliza, Utergan (N). Akiturrain herri hustuko eliza izan zen. XIX. mende arte erromesentzako ospitalea egon zen bertan.
Akize
Dax herri izenaren euskarazko aldaera, latineko Aquis (Terebellicis)-etik atera dena.
Akorda
Andre Mariaren ermita, Ibarrangeluan (B). Akordakoa bide zen 1362an Ingalaterrako eta Gaztelako erregeek Londresen izenpetu zuten hitzarmenaren lekukoetako bat. Jaiak uztailaren 18an eta irailaren 8an egiten dira.
Akutain
Longida (N) ibarreko Akotain herri izenaren aldaera zaharra. P. Salaberriren ustez *Akut pertsona izena dukegu oinarrian.
Alaba
Erdi Aroko euskal izena. Iruñean XII. mendean agertzen da ("Alaua mater Pascoal Beaçça") eta Iratxen 1200. urtean (Alaba filia Goto). Egun bitxia bada ere, antzina usaiakoa zen Aita, Anaia, Ama bezalako hitz arruntak ponte izentzat erabiltzea.
Alain
Alanoak jatorriz Iran aldekoak ziren, baina beste herriek bultzatuta Europara etorri ziren, Loira (F) eta Lusitaniara, eta hemen desagertu. Izenak -Alanuslatinez-, ordea, antroponimotzat iraun du, Alain eran. 1464. urtean agertzen da Bilbon eta XVI. mendean Nafarroan; segur aski Donejakue bidean barrena iritsiko zen guregana.
Alaiñe
Izen honen oinarria alai adjektiboa da eta bukaera -ñe atzizki femenino berria.
Alaitz
Elortzibar eta Orbaibarren arteko mendia (N) eta Erdi Aroko euskal izena. Iruñean XIII. mendean Alaaitz femina agertzen da.
Alaiza
Alaiza-ko (A) Andre Mariaren eliza ederra eta adbokazioa. Baditu aztarna erromanikoak eta freskoak. Jasokundearen jaia abuztuaren 15ean da.
Alaman
Erdi Aroan maizxko erabili zen egun deituretan eta etxe izenetan gordetzen den hau. Jatorriz latineko Alamannus 'alaman herrikoa' hitzetik dator. XIV. mendean Iruñean, Zangozan (N) eta Lizarran (N) agertzen da.
Alango
Erdi Aroko izena. Getxon (B), esaterako, Fortun Alango bizi izan zen; haren oroitzapenak oraindik ere bertako leku izenetan dirau bizirik (Alangoeta eta Alangobarri).
Alantune
Ptolomeok Euskal Herrian aipatzen duen herria. Bere kokalekua ezezaguna da orain.
Alarabi
Markina (B) inguruko mendietan bizi zen izaki mitologikoa. Gizon itxurakoa zen, baina begi bakarra eta oinazpi biribila zituen. Artzaina zen eta gizakiok berarengandik ikasi omen genuen artzaingoan. Beste lekuetan Tartalo izena hartzen du. Europa osoko tradiziokoa da izaki hau; ezagunena Odisean agertzen den Polifemo da.
Alazne
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Milagro-ren baliokidetzat ematen den izena.