Aurkitu zure izena
Primary tabs
Alba
Izen honek bi iturri izan ditzake: latineko alba 'zuria' izenondoa eta Europako toponimian bizirik dirauen hitza, 'muinoa', 'mendia' eta hedaduraz 'gaztelua' adierak bide dituena. Baztan ibarrean (N), esaterako, bada Alba deritzan mendia; Erromatarren garaian bazen Alba izeneko hiria, Arabako Lautadan.
Albaina
Andre Mariaren baseliza, Uda / Trebiñoko Albainan, Granado zeritzan herriko eliza izan zena. XIII. mendeko eraikuntza erromanikoa da. Inguruetan, Saratxon, badira Goiz Erdi Aroan zulatutako hartzuloak. Maiatzaren lehenengo asteburuan egiten da jaia.
Albane
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Albano-ren baliokide femeninotzat ematen da. Erdarazko forma 'Alba Longa hirikoa' esanahia zuen Albanus latineko gentiliziotik dator. San Albano Ingalaterrako lehenengo martiria izan zen.
Albar
Erdi Aroko izena, Euskal Herrian franko erabilia. XI. mendean agertzen da Valpuestako kartularioan, esaterako. Beranduago ere azaltzen da, leku anitzetan: 1333an Lizarran (N), 1352an Gasteizen eta 1470an Bilbon. Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n Alvaro-ren baliokidetzat ematen da izen hau.
Albeiz
Altzainia mendikateko tontorra eta Andre Mariaren adbokazioa, Albeizkoa (A). Herriko elizan Orrao ermitako irudia gordetzen da. Autore batzuen ustez Albeiz da erromatarren garaiko Alba herria. Andre Mariaren baselizan aipatutako garai horretako hilarri batzuk agertu ziren.
Albi
Aralarko aurkintza eta arima gaitzetsiak, haize nahasiz eta zurrunbilo handiz, beren azken egoitzan sartzen diren haitzuloa. Bertan 1915ean T. Arantzadik eta F. Antsoleagak aurkituriko trikuharria dago. Erdi Aroan antroponimoa izan bide zen.
Albia
Aralarko dermioa eta haitzuloa. Bertan 1915ean T. Arantzadik eta F. Antsoleagak aurkituriko trikuharria dago. Bilbon ere bada Albia izeneko auzoa, antzinako Abando udalerrian. Ezaguna da S. Arana Goiriren sorlekua izateagatik.
Albiñe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Albino izenaren baliokide femeninotzat ematen da. Erdarazko forma albinus-etik atera da eta hau albus 'zuritik'. Euskal izen zaharretan honen kidea den Zuria dugu.
Albira
Nafarroan Erdi Aroan erabiltzen zen Elbira izenaren aldaera arrunta. 1136an Antsoainen (N) agertzen da, 1235ean Garesen (N) eta 1311n Erriberrin (N).
Albisu
Andre Mariaren ermita, Orozkon (B). Bertako semea bide zen 1353an, banderizoen garaiko gerretan, Bilbon bakea sinatu zutenetako bat.
Albiz
Erdi Aroko izena. XV. mendean Markinan (B) eta Astegietan (A) agertzen da, azken honetan -s-z (Alvis de Legarda).
Albiztur
Gipuzkoako herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Ezagutzen dugun herri honen lehenengo aipamena 1384. urtekoa da, Tolosarekin elkartu zen garaikoa. Eliza 1674 berreraikitzen hasi ziren, aurrekoa txikiegia baitzen. 1587an Grazia Goikoetxeak erromesentzako ospitalea sortu zuen bertan.
Albizua
Andre Mariaren antzinako baseliza, Agurainen (A). Izatez Albizua herri hustuko eliza zen. Baselizaren azkeneko aipamenak XVII. mendekoak dira.
Aldaxur
Adoain eta Aietxu (N) herrien ondoko mendia (1.189 m). Gailurrean burdinazko gurutzea dago.
Aldontza
Erdi Aroko izena. Araban 1175ean agertzen da, Nafarroan 1461ean eta Gipuzkoan 1532an.
Alegia
Gipuzkoako herria eta Magdalenako baseliza, Itsason (G), ondoan gurutzea eta urkamendia dituena. Herria 1392an agertzen da lehenbizikoz, Tolosarekin bat egitean.
Alegria
Andre Mariaren baseliza, Antezanan (A). Eraikuntza oso xumea bada ere, Ama Birjinaren irudia erromanikoa da. Jaiak maiatzean eta irailean egiten dira.
Alesander
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposaturiko izena.