Aurkitu zure izena
Primary tabs
Larrauri
Andre Mariaren bi adbokazio daude izen honekin, bat Mungian (B) eta bestea Bernedon (A). Mungiako Larrauri auzoko Ama Birjinaren elizak XVI. mendean lortu zuen herritik banatu eta parrokia izatea. Andre Mariak eskuan duen arteak kristau gatibuak irudikatzen ditu. Bernedoko ermita, Urarte auzoan dagoena, Larrauri herri hustuko eliza zen. Atea XVIII.
Larrintzar
Andre Mariaren baseliza, Mendozakoa (A), XIX. mendean lekutu zena. Izenaren osagaiak larrin 'larraina' eta zar 'zaharra' dira.
Lartaun
F. Navarro Villoslada idazlearen Amaya o los vascos en el siglo VIII liburuko pertsonaia.
Lasarte
Andre Mariaren bi adbokazio daude izen honekin: Bitorianoko (A) antzinako komentua eta Lasarteko (A) eliza. Lehena 1089. urtean eman zion Gartzia Gonzalezek Kukullako Donemiliagako (Lo) monasterioari: "Unum monasterium Lasarte... in ipsa villa Victoriano...". Monasterioa hustean baseliza bihurtu zen eta XIX. mendean erori.
Lasko
Erdi Aroko izena. Ziortzako kolegiatan (B) goitizen hori duen nekazaria ageri da 1486. urtean.
Lastarri
Ibarrangeluko (B) auzune baten izena eta Imanol Laspiur (Bergara, 1929) idazlearen goitizena. Idazleak hitz jokoa egin zuen, bere izena eta auzunearena nahaste ematean: Las(piur')tar I(manol).
Latxa
Barriako (A) komentuarena izan zen antzinako herria, aztarnatzat errota besterik utzi ez duena. Eliza Andre Mariari eskainirik zegoen.
Lauaxeta
Esteban Urkiaga (Mungia 1907 - Gasteiz, 1937) idazlearen goitizena. Lizardirekin batera euskarazko olerkaririk handienetakoa dugu. Zoritxarrez 1937an "nazionalek" Gasteizen fusilatu zuten -adiskide izan zuen Garcia Lorca bezala-, Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikidea izateagatik, 30 urte zituela.
Laurentzi
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposaturiko izena.
Legaire
Arabako Entzia mendiko saroia. Bai Euskarari kanpainako ekitaldi bat antolatu zen bertan 1979. urtean, eta horrezkeroztik ezaguna izan da euskaltzaleen artean.
Legarda
Nafarroako herria eta Mendabiako (N) Andre Mariaren baseliza. XII. mendeko eraikuntza erromanikoa da hau, garai bereko irudia gordetzen duena. 1468an Andre Maria honek Zuali Abderam-en esklaboa zen Tomas Ramirez Lodosako askatu omen zuen, bera eta bere jabea gauez Legardaraino eramanez. Errioxako Otxanduri herrian ere bada izen bereko Ama Birjina.
Legarra
Lizasoain (N) herriko Andre Mariaren baseliza. Irudia oso zaharra bada ere (XII-XIII. m.), eraikuntza XIX. mendean berritu zuten. Ama Birjina hurbil dagoen iturrian agertu omen zen. Jaiera edo debozio handia izan zaio eta, honen ondorioz, kofradia eta apaiz anaidia eduki ditu.
Legazpi
Gipuzkoako herriaren izena eta Filipinetako konkistatzailearen deitura. Herriaren lehenengo aipamena 1290ekoa da, hain zuzen ere Gaztelako Antso IV.ak hiri-gutuna eman zionekoa. Bertako aberastasunik iraunkorrena olak izan dira. Hauen artean ezagunena, eta Euskal Herrian luzaz abian egon den bakarra, Mirandaola da.