Aurkitu zure izena
Primary tabs
Legendika
Kanala (B) herriko Andre Mariaren baseliza, XVI. mendean Sukarrietara mezatara joateko izaten ziren zailtasunak zirela-eta eraiki zutena, itsasadarra zeharkatu behar baita.
Legundia
Erdi Aroko izena. Gamarran (A) 1050ean agertzen da eta urte bat beranduago Durangon. Leiren 1257an dokumentatzen da, urte horretan Legundia Xaberrikok lehenago senarrak Leireko monasterioari emandakoa berrestean: "Ego dompna Legundia de Saverri cum infantibus meis". 1053an, Elorrioko (B) Barria monasterioaren emate-agirian, Leguntia aldaera azaltzen da.
Leheren
Erromatarren garaiko Akitaniako idazkunetan (I-III. m.) agertzen den izena. Gehienetan Leherenni / Leherenno latindurik azaltzen da.
Lehior
Lehor hitz arruntaren aldaera eta Leireko monasterioari lehendabiziko idazkietan ematen zaion izena (Leior, Leyor).
Leioari
Ohiko izena Erdi Aroan. Aipamen zaharrena Abadiñoko (B) Done Bikendi elizako hilarri batekoa da: "Ego Lehoari et Maria". Erdi Aroan anitz aldaera izan zituen: Leioar, Lehioari, Lehior, Liger, Leier... Irudi duenez, latineko Legionarius izenaren euskal bilakaeraren ondorena da.
Leire
Nafarroako monasterioa eta Andre Mariaren adbokazioa. IX. mendean eraikitako Salbatoreko monasterioa lur eta etxe askoren jabe izan zen Nafarroa osoan. Gainera, bertan Nunilo eta Alodia santen erlikiak eta Nafarroako errege batzuen gorpuak gorde ziren. Eraikuntza ikusgarria eta balio handikoa bada ere, aipagarriena soto edo kripta dugu.
Lekanda
Gorbeiako tontorra, Bizkaian. Itxina mendiaren gailurra da. Bertan Supelegor haitzuloa dago, Mariren bizitokia.
Lekuine
Lapurdiko herria (frantsesez Bonloc) eta Andre Mariaren adbokazioa. Eliza Orreagakoaren menpekoa izan zen luzaz. Bertako beneditarren monasterioan Xabier Ihartze Iratzeder euskaltzaina bizi da. Jaieguna abuztuaren 15ean da.
Lemoa
Bizkaiko herria eta Andre Mariaren eliza. Lemoa izena Lemoiz-ekin erlazionaturik dago, Arroa Arroitz-ekin loturik dagoen era berean.
Lemoiz
Bizkaiko herria eta Andre Mariaren eliza. Urizar auzoan dagoen eraikuntzak baditu aztarna erromanikoak. Jaieguna abuztuaren 15ean da. Herria ezaguna egin zen bere dermioan amaitu ez zen zentral nuklearra eraikitzen hasi zirelako. Ikus Lemoa eta Urizar.
Leorin
Morentingo (N) antzinako herrixka eta egungo Andre Mariaren baseliza. Irudia Okina zeritzan ermitan zegoen, baina hau erori hurran zenez gero, Leoringora eraman zuten. Kontatzen dutenez, izurriak herrixkako gizon guztiak hil zituen eta orduan emakumeek beste toki batzuetara alde egin zuten.
Lerate
Gesalazko herria (N) eta elizako aldarean dagoen XVII. mendeko Arrosarioko Andre Mariaren adbokazioa.
Lertsun
Hegazti baten (Ardea cinerea) eta zuhaitz baten (Populus tremula) izena. Zuhaitz hauen azaletan idazten eta marrazten zuten Estatu Batuetan bizi ziren artzain euskaldunek.
Leskarre
Biarnoko apezpikuaren egoitza, beste orduz. Orain Leskarre, Lescar frantsesez, Baionarekin bat eginik dago elizaz.
Leundia
Erdi Aroko izena. Iruñeko katedraleko artxiboan itxuraz Gorronzkoa (N) zen "Ego domina Leundia de Gorrauz" ageri da, 1141. urtean.