Aurkitu zure izena
Primary tabs
Laiene
Laieneko haitza Urdiain (N) herriko mendia da, Aitziber baselizaren ondokoa. Malkorrean Jentilen leihoa deitzen duten zulo modukoa dago. Hemen laminak agertzen omen zitzaizkien Done Petriren baselizara joaten ziren erromesei.
Lain
Erdi Aroko izena. 956. urtean Lain urduñarra agertzen da Valpuestako kartularioan.
Laino
Izen arrunta ('hodeia' edo 'erlainoa') eta euskal mitologian Marik hartzen duen itxuretako bat.
Lakubegi
Erromatarren garaiko harri batean ageri da Lacubegi teonimoa. Uxuen (N) aurkitu zuten, Erdi Aroan herria izan arren egun ermita besterik ez den Santa María la Blanca delakoaren inguruetan. Hurbil Lakumulatu aurkintza dago, eta honen barrenean antzina herria izandako Laku ('toki urtsua', jatorriz) dermioa.
Lamiaran
Andre Mariaren antzinako baseliza, Mundakan (B). Irudia Santa Katalinako ermitan dago. 1719.eko abenduaren hogeian Portugaleteko Asturiasko Printzea kortsariontzia ondoratu zen bertan ekaitzak bultzatuta.
Lamina
Urarekin lotua dagoen izaki mitologikoa. Deskripzio asko badaude ere, eskuarki emakume ederrak izaten dira, baina ahate hankak ohi dituzte edo arrain isatsa -kostaldean eta ibai ertzetan batik bat, Ibaizabalen edo Bidasoan esaterako-, eta leize, iturri eta osinen inguruetan bizi ohi dira. Aiurri onekoak dira, eta sarri mesedeak egiten eta eskatzen dituzte, nahiz inoiz kalte ere egiten duten.
Lamindao
Dimako (B) Lamindaoko Andre Mariaren eliza oso zaharra da. Inguruetan erlijio borroka latzak izan omen ziren, eta uste honek badu funtsa, Petralanda-n akelarreak egiteagatik Katalina zeritzan andre bat erre baitzuten. Izenak, jendearen ustetan, badu zerikusia laminekin.
Lander
Bi termino batzen dira honetan: 'behartsua, erromesa' adiera zuen Erdi Aroko lander (cf.
Landere
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Leandra-ren baliokidetzat proposatzen den izena. Leandro grezierako Leandros-etik dator, latineko Leandrus bitarteko dela. Greziako mitologian Leandro Afroditaren tenpluko Ero-z maitemindu omen zen eta gauero joaten omen zitzaion igerika, gau batean gidaritzat zuen argia itzali eta ito zen arte.
Laño
Udako herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Elizak antzinako elizpea eta ate erromanikoak ditu, baina inguruetan ikusgarriena Goiz Erdi Aroan zulatutako haitzulo edo Goba-k dira, ermitauen baseliza, bizileku eta hilerri izanak. Jaia abuztuaren 15ean da.
Lantz
Nafarroako herria, bertan egiten diren inauteriengatik ezaguna. Hauetako pertsonaia nagusiak Miel Otxin, Zaldiko eta Ziripot dira. Lantz erromatarren garaiko meatzari herrixka baten gainean dago eraikia. 1264an Iruñeko Done Satordiko forua eskuratu zuen.
Laratz
Beheko suan tximiniatik dilindan dagoen katea da laratza. Muturrean kakoa du, pertzei eta galdarei eusteko. Ohikoa da goiko aldean gaueko izakien sarrera galarazteko makoak izatea.
Larrain
Eultzia egiten zen tokia zen larraina, usu etxe ondoan zegoena. Egun gari-ebakigailu berriek lehengo larrainak eta eultzitzeko makinak zeharo baztertu dituzte.
Larraine
Zuberoako herria (frantsesez Larrau). Izena lehenagoko Larraun batetik atera da, eskualde horretako hizkeraren araberako bilakaeraz.
Larraitz
Andre Mariaren baseliza, Larrunarri edo Txindoki mendiaren mazelean, Abaltzisketan (G). Aralarko artzainek debozio handia izan diote.
Larrara
Andre Mariaren antzinako baseliza, Dulantzin (A). Hiribildua sortzean desagertutako Larrara herriko eliza zen.
Larratza
Andre Mariaren antzinako baseliza, Artiedakoa (N), herriaren aldamenean zegoena. Jai eguna abuztuaren 4an zen. Izen hau larre-ren eratorria da, eta alhapidetako baliatzen den lur landugabea adiera ohi du.