Aurkitu zure izena
Primary tabs
Irangote
Andre Mariaren ermita, Irangote herri hustuko eliza zena (Ezporogiko udalerria, N). Herrixka hau Bizkaia deitu alderdi menditsuan zegoen, Oibar haranean. Irudia XII. mendekoa da.
Irantzu
Abartzuzan (N) 1176an sorturikako Andre Mariaren monasterioa. Beste asko bezala Nafarroako lur, etxe eta herri frankoren jabea izan zen. Eraikuntza Zisterren erromanikoaren eredu ederra da, mende batez hutsik eta utzirik egon bazen ere.
Irati
Nafarroako oihan ederra, ibaia eta Andre Mariaren baseliza. 1954an antzinako gotorleku baten gainean eraiki zen Elurretako edo Iratiko Ama Birjinaren ermita ugaldearen aldamenean dago.
Iratsa
Azkuek hiztegi ezagunean erronkarierako hitzat ematen du, 'iratzea' adieraz, baina ez dakigu honek zer funts dukeen.
Iratxe
Andre Mariaren monasterioa, Estellerrian (N). Badirudi X. mendean sortu zutela. Antso II.ak Iratxeko Ama Birjinaren laguntza izan omen zuen mairuen kontrako borroketan, eta monasterioko hormetan Navasko guduan irabazitako kateen maila batzuk paratu omen zituzten dilindan. XVI. mendean moldiztegia eta unibertsitatea izan ziren bertan.
Iratzeder
Xabier Ihartze (Donibane Lohizune, 1920) euskal idazle, musikari eta euskaltzainaren goitizena.
Iraultza
XX. mendearen hasieran Europako hizkuntza anitzetan modan jarritako izena. Euskal Herrian, esaterako, Iruñean erabili zen gerra aurrean. Izen hau diktadura garaian bi arrazoirengatik egon zen debekaturik: lehenik euskarazkoa izateagatik eta bigarrenik duen esanahiagatik.
Iraupen
Euskal Izendegia-n biltzen den izena. Gaztelaniazko Constancia-ren baliokidea dela dirudi.
Ireber
Aldatz (Larraun, N) eta Beruete (Basaburu Nagusia, N) herrien arteko mendia (1.202 m), Ireberri izenaz ere ezagutzen dena.
Iren
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Ireneo-ren baliokidetako ematen da. Grezierako Eirenáios ('bakearen jainkoari eskainia') izenetik kristauen artean 'baketsua' adiera zuen latineko Ireneo sortu zen eta hemendik heldu da gaztelaniazko aldaera. San Ireneo Lyongo artzapezpiku izan zen II. mendean.
Irene
Grezierako Eirene 'bakea'-tik dator, latineko Irene-ren bitartez. Izena lehenago erabilia bazen ere, kristauen artean arrakasta handia izan zuen, bere adiera 'Jainkoaren bakea' mistikoari esker. IV. mendean Tesalonikan bizi izan zen Irene bi ahizpekin batean martirizatu zuten, hildako kristauen haragia jateari uko egiteagatik. IX.
Iriberri
Iriberriko (N) Andre Mariaren baseliza, Orbaibarren. Irudia XIII. mendekoa da eta ponte harria gotikoa.
Iriñuela
Hereñako (A) Andre Mariaren baseliza. XVIII. mendean desagertu bide zen ermita, zein Iriñuela herri hustuko eliza izan baitzen. Hereñako ponte harri erromanikoa aipatu herrixkako elizan zegoena dela dirudi.
Irkus
Epifanía izenarendako Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatu gizonentzako aldaera. Egun horretan -urtarrilaren 6an- Hiru Errege magoek Jesus Belemen adoratzea ospatzen da. Aldaera: Irakus.
Irkusne
Gaztelaniazko Epifanía izenarentzat Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposaturiko aldaera. Egun honetan Errege Magoek Jesus Belemen gurtzea ospatzen da. Jaieguna urtarrilaren 6an da. Aldaera: Irakusne. Baliokideak: Epifanía (gaz.) eta Epiphanie (fr.).
Irrintzi
Euskaldunek deitzeko edo alaitasuna adierazteko egiten duten oihu bereziaren izena.
Irular
Iruritako (N) mendi baten izena eta Aingeru Irigarai (Bera, 1899 - Donostia, 1983) euskaltzain oso eta idazlearen goitizena.
Iruña
Tresponde eta Bilodaren (A) arteko behialako erromatar hiria. Bertan Jerusalemgo Done Joaneren Ordenako Zaldunen Andre Mariaren baseliza egon zen. Gasteiz sortu zenean hustu zen hiria.