Aurkitu zure izena
Primary tabs
Añua
Añuako (A) Andre Mariaren adbokazioa. Eraikuntza Arabako erromanikorik hoberen eta ederrenetakoa da. 1337an Alfontso XI.ak Burgoko jurisdiziopean ezarri zuen. Jaia irailaren zortzian da.
Anuntxi
Gaztelaniako Anunciación izenetik dator eta hau latineko annuntiatio 'iragartzea', 'mezua'-tik. Egun honetan Gabriel goiaingeruak Andre Mariari ama izango zela esan zion eta semeari Jesus izena jarriko ziola. Badirudi euskal ebakeran oinarritu behar dugula tx lortzeko, nahiz eta Nafarroako erdaran Lanunchi (( la Anunchi) moduko hipokoristikoak egon.
Aos
Longidako (N) herria eta bertako Done Petriren elizan gorderik dagoen Andre Mariaren irudi erromanikoa.
Apala
Erdi Aroan erabilitako emakume izena, Andreapala moduan ere agertzen zaiguna. Bistan da jatorria apala adjektibo ezagunean duela. Lehen aldiz Leireko dokumentazioan azaltzen da, 1145ean (Apala). Gizonentzako ordaina Apalo da; ikus, halere, maskulinoen zerrendan esaten dena.
Apalo
Erdi Aroan maiz samar azaltzen da. Adibidez, Apalo de Zubelche aurkitzen dugu Iruñeko katedraleko dokumentazioan, 1119. urtean. XV. mendeko Peru Abendañokoren erostan honen aldaera zen Apala ageri zaigu, borrokan hildako Arratiako laguna aipatzean:
Apat
Aingeru Irigarai (Bera, 1899 - Donostia, 1983) idazlearen goitizenetako bat dugu Apat-Etxebarne; bestea Irular da.
Apolone
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Apolonia-ren baliokidetzat ematen den izena.
Apolonia
Apolo jainko izenaren gentilizioa den latineko Apolonius-etik. Alexandrian bizi izandako eta martirizatutako III. mendeko santa Apolonia dentisten patroia da. Jaieguna otsailaren 9an da. Aldaera: Apolone (Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia).
Apraze
Erdi Aroko izena. XII. mendean Alkotzen (N) azaltzen da. Araban Aprez aldaera ageri da.
Arai
Kontrasta (A) herrian erromatarren garaiko hilarri batean agertzen den izena: Araica Arai f(ilia) ('Araika Arairen alaba').
Araia
Arabako herria eta Andramari deitzen den ermita, egun hilerriko kapera dena. Barruan Ama Birjinaren irudi barrokoa zegoen. Kanpoaldean dauden done Jakueren gurutzeek Lautadara San Adriandik sartzen zen Donejakue bidearen berri ematen digute. Bide garrantzitsu hori babesteko gaztelua egon zen ondoko haitzetan. Jaia abuztuaren 15ean zen.
Araika
Kontrastako (A) erromatar hilarri batean agertzen den izena: Araica Arai f(ilia) ('Araika Arairen alaba'). Trebiñon, Araiko izeneko herrian, Uraldeko Andre Maria dago (Uralde sarrera ikusi). Eraikuntza XIII. mendekoa da.
Araitz
Nafarroako ibarra, Aralar mendiaren magalean. 1268an dokumentatzen da lehen aldiz, Araitz moduan. 1595ean herriko gizon eta emakume asko kartzelaratu zituzten, azti eta sorginak zirelakoan. Grazia Usabarrena, presondegitik bizirik atera zen bakarra -gainerako guztiak epaiketaren zain zeudela hil ziren-, errugabetzat jo zuten.
Aralar
Euskal Herriko mendi ezagun eta mitologian aberatsa, Nafarroa eta Gipuzkoa artean kokatua dena. Bere tontorretako batean Done Mikel santutegi erromanikoa dago; honen barruan eliza zaharragoa dago eta atean Teodosiok gurasoak-nahi gabe- hiltzeagatik eraman omen zituen kateak.
Arama
Aramako (G) Andre Maria Mendizabal izeneko baserrian gordetzen da. Ez dakigu, damurik, elixattoa non zegoen.
Arano
Nafarroako herria eta mendia. J.M. Barandiaranek bildutako kondaira baten arabera, mendi honetako harri batean hurrengo hau omen zegoen idatzirik: Ni iraultzen nauena sekula ongi jarrikouk. Harria irauli zutenean beste aldean testu hau zegoela ikusi omen zuten: Orain ongi negok. Arano Ondarroako bizilagun baten izena ere bazen, 1495. urtean.
Arantxa
Izatez Arantzazu izenaren hipokoristikoa edo txikigarria zen, baina horrelakoetan maiz gertatu den bezala, gaur egun izen maila lortu duela esan daiteke.