Aurkitu zure izena
Primary tabs
Arantza
Ainhoako (L) Andre Mariaren adbokazioa. Euskal Herrian Arantzazuko Ama Birjinaganako debozio handia egon da, eta horren erakusgarri da Ainhoan haren oroimenez eraiki zuten kapera, Arantza izenaz ezagutzen dena. Horretaz gain, zuhaixka baten (Crataegus monogyna) eta Nafarroako Bortzerrietako herri baten izena ere bada.
Arantzazu
Euskal Herriko Andre Maririk ezagunenetako eta gurtuenetako bat dugu hau; 1918tik Gipuzkoako zaindaria da. Bitan agertu omen zen eliza eraikitzeko aginduz, dirudienez lehen aldian ez baitzuten haren manua aintzat hartu. Bigarrenean, berriz, Rodrigo Balantzategiri agertu omen zitzaion elorri edo arantza batean, eta honi zor zaio hain zabaldurik dagoen etimologia.
Araotz
Arantzazuren oinetan dagoen auzoa, Oñatin (G). XIX. mendean desagertu omen zen bertako Andre Mariaren baseliza.
Aratz
Altzania mendikateko tontorra (1.443 m), Araia (A) herrikoa. Mendi honen eta Aizkorriren artean dago San Adriango haitzulo ospetsua. Honetaz landara, aratz 'garbia, xahua' adiera duen izenondoa ere bada.
Aratzuri
Erdi Aroko izena, Oltza (N) zendeako herria eta Andre Mariaren baseliza. Herriaren aurreneko aipamena 1035. urtekoa da, Antso Gartzeitz erregeak semeari eman zionekoa. Aipatzekoak dira gaztelua eta ate gotikoa duen Andre Mariaren ermita. Funesen (N) antroponimotzat ageri da 1211. urtean. Herriko jaiak abuztuaren amaieran dira.
Arbe
Espartza Galarko (N) Andre Mariaren elixattoa. 1762an Nuestra Señora de Arbe izenarekin agertzen bada ere, oraino bizirik dago Ama Birjinaren Arbekoa euskal deizioa. XVIII. mendean auzoek bertan egiten zituzten batzarrak, apezpikuak debekaturik ere. Egungo irudia 1908. urtekoa da.
Arbeitza
Allin (N) ibarreko herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Herriko eliza done Martieri eskainirik badago ere, barruan duen Andre Mariaren kaperagatik da ezaguna, honetara Nafarroa, Araba, Aragoi eta Gaztelako jende asko etortzen baita, oinazeak kendu eta eritasunak sendatzeko. Inguruetan dagoen aintziran jabeen gaiztakeriengatik urak irentsitako jauregia izan omen zen.
Arbela
Erdi Aroan ageri den izena da, dokumentatzen ere den Doneztebeko Maria arbel-en parekoa. Herri honetan Arbelarena, Arbelena oikonimoa egon da.
Arbil
Pilare izenaren euskarazko baliokideetako bat da. Honetaz gain Deban (G) bada Arbil deritzan mendia, Lastur auzoan. Ikus Pilare.
Arbona
Nafarroako antzinako herrixka eta Lapurdiko herria (frantsesez Arbonne). 1199an pertsona izentzat aurkitzen dugu, Funesen (N).
Arburua
Itzalleko (N) Andre Mariaren baseliza, Zaraitzun. Mendi baten tontorrean dago, eta, bertatik Muskildako eta Uxueko Andre Mariaren elizak ikusten direnez gero, hirurak ahizpak direla esan ohi da. Arburura joateko usadioa egon da, larruaren eritasunak sendatzera. Jaiegunak ekaineko lehen igandean eta irailaren 8an egiten dira.
Ardaitz
Erroibarko herria (N). Bertan monumentu aipagarri batzuk daude: done Petri eliza (Andre Maria irudikatzen duen XIV. mendeko pontea du) eta inguruko mendietan dauden hiru trikuharriak.
Areatza
Andre Mariaren antzinako baseliza, Arrasateko (G) Uribarri auzoan. Altzania mendian ere bada izen bereko tontorra (892 m), Gipuzkoa eta Nafarroaren artean.
Areitio
Mallabiko (B) auzoa eta Andre Mariaren baseliza. Jaia maiatzaren batean egiten da.
Areria
Gipuzkoako hiru alkatetza nagusietako bat. Ez dakigu noiz sortu zen udal batasun hau, baina lehenengo aipua 1007koa da, Iruñeko katedralekoa. Hasieran Lazkao, Olaberri, Itsaso eta Arriaran herriek osatzen zuten, eta aurrerago Gabiria, Zumarraga eta Ezkioaga elkartu zitzaizkien. XIX. mendean desagertu zen.
Aretxa
Euskal Herriko mendebaldeko eta Erronkariko hitza ('haritza', Quercus robur). Aiarako Menagarai (A) herrian 1763an eraikitako Aretxako Andre Maria-ren baseliza dago, orain otoiztegi partikularra dena.
Arga
Nafarroan jaiotzen den ibairik handiena dugu hau. Alduden sortzen da, Urkiagako lepoan, eta Funes ondoan Aragoi ugaldearekin batzen. Lehenengo aldiz 934. urtean aurkitu dugu (usque flumen Argam).
Argain
Euskal Herriko anitz lekutan agertzen den toponimoa; osagaiak harri eta gain dira. Sarako (L) leze ezagunetatik hurbil Argain izeneko trikuharria dago.
Argain
Euskal Herriko anitz lekutan agertzen den toponimoa; osagaiak harri eta gain dira. Sarako (L) leze ezagunetatik hurbil Argain izeneko trikuharria dago.