Aurkitu zure izena
Primary tabs
Arkaia
Arabako herria eta Andre Mariaren eliza. Herriaren lehenengo aipamena 1226koa da. Eliza XVI. mendean berritu zuten, baina XIII. mendeko eta lehenagoko aztarnak ere baditu. Ponte harria Arabako ederrenetakoa da.
Arkija
Kanpezu (A) eta Zuñiga (N) herrien artean dagoen baseliza. Mendekoste egunean prozesioan joaten ziren bertaraino. Jaia iraileko azken igandean egiten da.
Arlas
Azkoienen (N) dagoen Andre Mariaren elixattoa eta benta. Berez XIII. mendean hustu eta XX.enean berpopulatu zen herriko eliza dugu; lehendabiziko aipamena 1087. urtekoa da. XIX. mendearen erdialdean hondakinak baizik ez ziren gelditzen; irudia Faltzesa (N) eraman zuten. Pirinioetan ere bada Arlas izeneko mendia (2.044 m), Biarnoko mugan.
Arluzea
Arabako herria. Armentia-Lizarra bidean zegoenez gotorleku garratzitsua izan zen bertan. Eraikuntza erromanikoa aipatzekoa da, Euskal Herrian elizpe erromaniko arkuduna duten bakanetakoa baita.
Armentia
Izen honetako bi leku daude Euskal Herrian: Gasteizko santutegi ezaguna eta Andre Mariaren eliza duen Uda / Trebiñoko herrixka. Armentiako san Prudentzioren gasteiztar santutegi ezaguna erromatarren garaiko herri baten aztarnen gainean dago kokatua. IX. mendetik XI.era apezpikutegia izan zen.
Armintza
Zuhatza kontzejuko Andre Mariaren ermita, Aiaran (A), eta Lemoizko (B) arrantzale auzoa. Plentziako hiri-gutunean, XIII. mendean, Armintzako biztanleak baleak harrapatzen aritzen zirela adierazten da.
Armola
Andre Mariaren antzinako baseliza, Andetxan (A), azken urteetan hilerriko kapera zena. Aireportua egitean ermita bota eta irudi erromanikoa Done Mikelen elizara eraman zuten. 1754an Arria-Amora izeneko kofradia sortu zuten.
Arnotegi
Obanos (N) herriko mendi tontor batean dagoen Andre Mariaren baseliza, Donejakue bidetik hurbil. Ondoan bada gotorleku bat. Behiala ermitara gauez joateko ohitura zegoen, baina erromeriak egiten zirela ikusita debekatu egin zuten. Bilbo gainean dagoen mendi batek ere izen bera du; bertan bada azken karlistaldiko gotorleku bat.
Aroa
Izen arrunta ('sasoia', 'urtaroa', 'giro ona', 'eguraldia'), azken uteotan ponte izentzat maiz erabilia.
Arotz
Lanbidea adierazten duen izena, maiz izengoititzat erabilia. Ezbairik gabe Iturengo Erramun Joakin da gure arteko arotzik ezagunena, jakina den bezala kobrezko santuak urtu baitzituen, joaldunek erabiltzen dituzten joareak egiteko:
Arraba
Gorbeiako larre ezaguna. Inguru paregabean dago, alde batean Itxina eta bestean Arratia gaineko amildegia dituela. XIX. mendearen hasieran ospitalea eta Andre Mariaren ermita egon ziren bertan.
Arradoi
Donibane Garazi (NB) gainean dagoen mendia eta Pierre Narbaitz (Azkarate, NB, 1910 - Kanbo, 1984) idazlearen goitizena.
Arraitz
Ultzamako (N) herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Herriko jaiak abuztuaren 14an eta 15ean dira.
Arrako
Belaguako trikuharri handia, Erronkari (N) ibarrean, eta Andre Mariaren elixattoa. Kristau ermitak, maiz, aspaldidanik sakratuak ziren lekuetan agertzen dira, hemen bezala. Jaia uztailaren 26an da, santa Ana egunean, Andre Mariaren festa ere izan arren. Arrakokoa zen Petri Karrika ospetsua, Biarnokoei hiru behien zerga ordainarazi ziena.
Arrate
Eibarko (G) Andre Maria, hiri honetako eta Elgoibarko zaindaria dena. Kondairak dioenez, santutegia okerreko lekuan eraikitzen hasi omen ziren, eta eraikigaiak gauez lekuz aldatzen omen ziren, hura Ama Birjinak nahi zuen tokian egin zuten arte. Lehenengo aipamen idatzia 1498ko da. 1563an jaia irailaren 8an ospatzeko baimena eskatu zuten, abenduan egitea neketsua zelako.
Arrazubi
Andre Mariaren baseliza, Olorizkoa (N), izen bereko herrixkako eliza zena. Arrazubi XX. mendearen hastapenean hustu zen. Eraikuntza erromanikoa da eta kanpoaldean hilobi ikusgarria du. Irudia Soltxagako elizan dago.