Aurkitu zure izena
Primary tabs
Gar
Erromatarren garaiko Akitaniako idazkunetan (I-III. m.) agertzen den jainko izena (Garri deo). Kasu gehienetan Garre / Garri latindurik azaltzen zaigu. Izen arrunta ere bada.
Garai
Gaur egun santa Luziari eskainita dagoen Gernikako Garai auzoko baseliza Andre Mariarena zen X. mendean, Ziortzako kolegiataren (B) sortze kronikan adierazten den bezala. Horretaz gain, hitz arrunta da, izenondoa ('altua, gora') nahiz izena ('lau haberen gainean eta etxetik bereiz egiten den aletegia').
Garaoa
Burgeluko (A) antzinako ermita, Andre Mariari eskainirik zegoena. Garaoa herria izan zen, baina bertako bizilagunak Burgelu hiribildura joan zirenean eliza baino ez zen geratu. Beranduago eliza bera ere hondatu zen.
Garazi
Grazia-ren aldaera da, bokal baten epentesia eta -ia multzoko azken -a-ren galtzea jasan dituena (cf. Maria -> Mari). Ikus Grazia. Garazi, bestalde, Nafarroa Behereko eskualde baten izena ere bada (Cize frantsesez), euskaraz idatzitako lehen liburuan (1545) ageri dena:
Garbiñe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Purificación (de Nuestra Señora)-ren euskarazko baliokidetzat eman zen, eta ezin da ukatu arrakasta handia izan duela. Azken urteotan Inmaculada-ren kidetzat ere erabili izan da. Garbikundez haurra izan eta handik 40 egunetara egiten zen garbitze erritua gogoratzen da.
Garbixo
Erdi Aroko izena. Adibidez, Apardozen (N) 991. urtean Garbisso aurkitzen dugu eta Erronkari aldean (N) 1098an Garbiss Maniz.
Gardele
Erdi Aroko izena, Arabako Gardelegi eta Nafarroako Gardelain toponimoen oinarrian dagoena. Otsagabian (N) 1072an Gardele Acenarz genuen eta Orontzen (N), urte berean, don Gardele. Erromantzeko aldaera Cardiel da (Kardiel Belasconis, Uskartze, N, XI. m.).
Gardotza
Andre Mariaren baseliza, Berriatukoa (B). Ama Birjinaren laguntza jasotzeko hiru larunbat jarraitutan joan behar da ermitara. Ondarroako arrantzaleek laguntza eskatu ohi zioten, ezer ere gerta ez zekien. Artibairen ertzean dago baseliza, errepidearen ondoan. Jaia irailaren 8an da. Umeak zaintzeko honako hau esaten da:
Gares
Nafarroako herria, gaztelaniaz Puente la Reina, Donejakue bideko garrantzitsuenetakoa, eta Andre Mariaren adbokazioa. Hiru Ama Birjina daude Garesen, Elurreta-koa, Okoa-koa eta Puy-koa.
Gari
Euskal hitz arrunta da. Pertsona izentzat kantari ezagun bati esker hedatu dela dirudi, azken urteotan.
Garikoitz
M. Garikoitz santua Ibarra (NB) herriko Garakotxea baserrian sortu zen 1797an. Bètharramgo (F) apaizgaitegian egon zen irakasle, eta gero Jesusen Bihotz Sakratuaren apaizak izeneko erakundea sortu zuen bertan. 1863ko maiatzaren 14an hil zen.
Garindo
Ohiko euskal izena Erdi Aroan, Galind germaniarretik atera bide dena. Prusiako ekialdeko Galinden eskualdearekin erlazionatu da. Aldaerak: Garino eta Garin. Baliokidea: Galindo (gaz.).
Garoa
Euskal Herriko mendietan hagitz ugaria den landarea, Txomin Agirreren izen bereko eleberriari esker ezaguna. Adierakideak: Ira eta Iratze.
Garrastatxu
Amurrioko (A) Baranbio auzoko Andre Mariaren baseliza, Errukiaren Andre Maria ere deitua. Jaia irailaren 8an ospatzen da eta erromeria egiten.
Gartxot
Erdi Aroko euskal izena, Gartzea-ren hipokoristikoa. Arturo Campionen El bardo de Izalzu eleberriko protagonistak Gartxot du izena.
Gartze
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n Gracia izenarentzat ematen den baliokidea. Ikus Grazia eta Gartzi. Gartze gizon izena izan da historian zehar, Gartzia-ren aldaeratzat agertzen baita dokumentazioan.
Gartzea
Erdi Aroko euskal izena (Garçea), beranduago deituratzat finkatu zena. Irudi duenez, egungo gaztea adjektiboaren jatorrizko forma izen honetan dugun bera da. Aldaerak: Gartze, Gartzia, Gartzi, Gastea...
Gartzene
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Graciano-ren baliokide femeninotako ematen den izena.
Gaskon
Erdi Aroko izena. Etorkiz gentilizioa zen ('Gaskoniakoa'), Alaman, Frantzes eta beste bezala. Aldaera: Gaskoi.