Aurkitu zure izena
Primary tabs
Eskarne
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Mercedes izenarentzat proposatzen den euskal forma. 1218an San Pedro Nolascok mairuen gatibu zeuden kristauak salbatzeko ordena sortu zuen Bartzelonan, era honetan Andre Mariaren agindua betetzearren. Ama Birjina honenganako jaiera 1696tik aurrera hedatu zen. Jaieguna irailaren 24an da. Aldaera: Mesede.
Eskolunbe
Kuartangoko Katadiano (A) herriko Andre Mariaren santutegia, Badaia mendikoa, Eskorunbe, Axkorunbe eta Aiskolunbe ere deitzen dena. Lehenengo aipamena 1446koa da, eta badirudi aspaldiko monasterioa dela. Irudia XIII. mendekoa da. Antzina prozesio edo beila asko egiten ziren, baina 1727an batzuk debekatu zituzten, ez zirelako behar bezala egiten.
Estebenia
Ardurakoa izan da izen hau Euskal Herrian. 1358an Iruñean dona Esteuenia Moça ageri da eta 1577an Hondarribian (G) Estebenia de Berrotaran. Estebeni aldaera ere izan du (cf. Maria / Mari): Estebeny miquelerena (Elgorriaga, N, 1531). Ikus Estebania, Estefania, Mariaestebania eta Mariesteban.
Ester
Itun Zaharreko izena. Hebreeraz Ester da, eta latinez eta grekoz Esther. Jatorriz Pertsiakoa da eta, dirudienez, (e)stareh 'izarra' hitzarekin eta Asiriako Istar maitasunaren jainkoarekin lotu beharra dago. Ester bere edertasunaz baliatu zen Babiloniako erregea juduak hil ez zitzan kobentzitzeko. Jaieguna maiatzaren 24an eta abenduaren 8an da.
Estibaliz
Arabako Andre Mariaren santutegirik ezagunena da hau eta 1941az geroztik herrialde horretako zaindaria. Eraikuntza erromanikoa biziro ederra da, barruan gordetzen duen XIII. mendeko irudia bezala, nahiz eta lehenengo aipamena 962. urtekoa izan. Ama Birjina Arriagako kofradiaren bilkuretara eramaten zuten.
Etarte
Nafarroako mendia. Gailurrean, beste orduz, baseliza bat egon omen zen. Trifon Etxebarria idazlearen goitizena ere izan zen.
Etorne
Gaztelaniazko Pentecostés-endako Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n ematen den baliokide femeninoa. Mendekostez Jainkoak Moisesi Sinai mendian Legearen taulak ematea ospatzen da. Gure artean hedadura zabalagoa izan du Etorne-k gaztelaniaz hizkuntza honetako kideak baino. Baliokidea: Pentecostés (gaz.).
Etxahun
Pierres Topet (Barkoxe, 1786-1862) koplari ezagunaren goitizena, Etxahunea haren sortetxeari zor zaiona. Nahiz eta berak deus ere idatzi ez, kantuak ahoz aho iritsi zaizkigu. Entzutetsuenak Ahaide delezius huntan, Bi berset dolorusik eta Munduan malerusik dira.
Etxatxu
Erdi Aroko izena. 1448an behin baino gehiagotan agertzen zaigu Arrasateko borrokan.
Etxaurren
Aiara (A) haraneko patroia da Etxaurrengo Andre Maria. Ermita Menoio herritik hurbil dago, Tologorri mendiaren aurkezean. Kondairak dioenez Ama Birjina intxaurrondo batean agertu zen. Badirudi antzina herrixka bat izan zela inguru honetan.
Etxauz
Baigorri (NB) gainean dagoen jauregia. Bertako jaunari eskaini zion Axularrek Gero liburua: "Ene iaun Bertrand de Echaus, Tursko Arzipizpiku, Frantziako lehenbiziko erremusinari: Ordenako aitonen seme, eta erregeren Konseillari famatuari zeruko loria".
Eukene
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Eugenia-ren baliokidetzat ematen den izena.
Eulale
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Eulalia izenarentzat proposaturiko baliokidea.
Eulogi
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Eulogio-ren baliokidetzat ematen da. Jatorria grezierako Eulogios izenean du. Honen esanahia aldatu egin zen, eta 'ongi mintzo dena' adieraztetik 'bedeinkatua' adieraztera igaro zen kristauen artean. San Eulogio IX. mendean bizi izan zen iberiar penintsulan. Jaieguna urtarrilaren 9an da.
Eultza
Barañaingo (N) dermioari datxekion jaurerria, XIII. mendean hiribildua izan zena, XIV.erako hutsik bazegoen ere.
Eunate
Muruzabal (N) herriko Andre Mariaren baseliza. Nafarroako ermitarik ezagunen eta ederrenetakoa da Eunatekoa. Nabarmentzekoa da bere egitura, karratua izan beharrean elizpeak itxitako oktogonoa baita. Donejakue bidean dagoenez gero, antzina erromesen ospitalea egon zen ondoko komentuan.