Aurkitu zure izena
Primary tabs
Domeka
Erdi Aroko eta XVI-XVII. mendeetako agirietan franko azaltzen den euskal izena, latineko Dominica 'Jainkoarena' kristau izenetik datorrena. 1555ean Domeca Ortuzar ageri da Arrasaten (G), eta 1573-1574 urteetan Domeca de yrurre, Domequa de ariçaleta eta Domeca de tirapu aurkitzen ditugu Ziraukin (N). Aldaerak: Domenga, Domenja, Domekoitza eta Domikutza.
Domenga
Erdi Aroko euskal izen arrunta, XVI. mendean Gipuzkoan, esaterako, ongi dokumentatua.
Domiku
Erdi Aroan anitz erabili zen. Latineko Dominicus 'jaunarena' kristau izenetik dator. Honela deitu diren hiru santu nagusi daude: Silokoa, Guzman eta Calzadakoa. Azken honen jaieguna maiatzaren 12an da. 1162an Domicu Ezquerra agertzen da Zizur zendean (N). Aldaerak: Txomin eta Iparraldean erabiltzen den Dominix.
Domikutza
Domeka izenaren aldaera, Orion 1577an (Domicuça de hiceta) eta 1589an (Domicuça de hechaniz) dokumentatua. Aldaera hau Domiku gizon izenaz, patronimikoaren atzizkiaz (-(t)z hemen) eta generoaren mozioa adierazten duen morfemaz (-a-z) osaturik dago. Osakera bera dute Joanitza, Lopeitza, Mikeleitza, Otxoitza eta bestek.
Dominika
Latineko Dominica 'Jaungoikoarena' izenetik. Enperadorearen emaztea izan zen IV. mendeko Dominika-k lortu zuen godoek Konstantinopla ez eskuratzea. Jaieguna uztailaren 6an da. Baliokideak: Dominica (gaz.) eta Dominique (fr.).
Doneantsu
Muru-Asteraingo (N) Andre Mariaren ermita, Nuin herri hustuko eliza izana. Hagitz eraginkorra omen zen begizkoaren kontra eta, horregatik, opariak egiten zitzaizkion.
Dordoniz
Uda / Trebiñoko herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Herriaren lehenengo aipamena 1105ekoa da. Andre Mariaren irudia Done Jakueren elizako aldare batean dago.
Dorleta
Leintz (G) herriko Andre Mariaren santutegia, Gaztelueta ere deitu izan dena. Erromes asko joaten zirenez gero, etxe batzuk eraiki behar izan zituzten jende guztia hartu ahal izateko. Buruko edo bihotzeko gaitzetan laguntzen du eta haurrak babesten. Kondairak dioenez, 1367an Galesko printzearen soldaduak irudia lapurtzen saiatu ziren, baina herrikoek, gogor borrokatuta, galarazi egin zieten.
Doroñu
Uda / Trebiñoko herria eta Andre Mariaren eliza. Lehena 1257an aipatzen da aurrenekoz; bigarrenean ponte harri erromaniko ederra dago.
Dota
Tota izenaren aldaera. Donibane Garaziko (NB) Dochato hipokoristikoaren oinarrian aurkitzen dugu, 1412-1413an.
Dulantzi
Arabako herria. XIV. mendean, hirigutuna eman zionean, erregeak jatorrizko Dulantzi izena Alegría-rekin ordezkatu zuen, etorkizko izenen ordainetan erdal izenak ezartzeko zegoen usadioari jarraikiz, Agurain (r)Salvatierra, Gasteiz (r) Vitoria eta bestetan bezala. Hiribildua sortzean inguruko herrixkak (Aiala, Albergoien, e.a.) hustu egin ziren.
Dunixe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Dionisio-ren baliokide femeninotzat ematen da. Erdarazko izen hori Grezian izadiaren eta ardoaren jainkoa zen Dionysos teonimotik (Bako Erroman) sortua da. Frantzian hagitz hedaturik daude honetatik ateratako Deniseta Denise, III.
Dunixi
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Dionisio izenaren baliokidetzat ematen da.
Durruma
Durruma (A) herriko jaieguna. Izatez Done Erruma herriaren euskal izenaren ahozko laburpena baizik ez da, festa eguna adierazteko gorde dena. Nabarmendu beharra da herriaren erdal izenean euskal azentuaren eredua atxikitzen dela (San Róman esaten da).
Eate
Goierri (G) aldean ekaitza ekartzen duen izaki mitologikoa adierazten du izen honek.
Eba
Itun zaharrean agertzen den lehenengo emakumearen izena. Hebreerako izen honen esanahaia iluna da: batzuek Hauuâb-ekin erlazionatzen dute (hâyâh hebreeraz 'bizia' da) eta beste batzuek sugearen izenarekin. Bibliaren arabera Jainkoak Adamen saihets hezurra erabiliz sortu zuen lehen emakumea, eta debekatutako zuhaitzaren fruitua jateagatik biak, Adam eta Eba, egotzi zituen Paradisutik.
Eder
'Polita' adiera duen euskal adjektiboan du izen honek iturri. Egun aski hedaturik dago Euskal Herrian.
Ederne
Eder adjektiboa oinarritzat hartuta sortu da izen berri hau, S. Aranaren bideko -ne atzizkia erabiliz. Ikus Ederra.