Aurkitu zure izena
Primary tabs
Beraskita
XII. mendean aurkitzen dugu izen hau, Nafarroan (dompna Berasquita de Guendulain). Irudi duenez gizonentzako Berasko izenaz eta -ita atzizki hipokoristikoaz osaturik dago; azkenekoaren xedea generoa adieraztea dela ematen du.
Berasko
Erdi Aroan usu aurkitzen dugun euskal izena. 1131n, esate baterako, Valpuestan agertzen da, eta 1173an Artaxoan (Berasco Aoçavala). Bele hegazti izenarekin erlazionatu izan da, baina badirudi jatorrian Bigila, Begila, Beila-tik atera den Bela antroponimo gure artean ugaria dugula. Baliokidea: Belasco, Blasco (gaz.).
Berastegi
Berastegiko (G) Eldua auzoan dagoen Andre Mariaren eliza. Herriaren lehen aipamena 1027. urtekoa da, mugen berrikusketa egin zenekoa, Nafarroako Antso erregearen agintaldian. 1524. urtean herriko batzuk elizan gotortu ziren Berastegitarren jauntxokerien aurka borrokatzeko.
Beratza
Andre Mariaren antzinako baseliza, Mendabiakoa (N). XVII. mendean Arrosarioko Andre Mariako kofrakideek konpontzeko agindua eman zioten Andres Alargunsoro harginari.
Berbiz
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Resurrección-en baliokidetzat ematen da. Gaur egun honelako izenak gehienbat emakumeek izaten dituzte, baina XX. mendearen hasieran gizonen artean ere arruntak ziren. Kontuan hartu Akademiaren sortzaileetako bat eta lehen euskaltzainburua izandako Azkue Resurrección zela izenez.
Berengela
Nafarroako Antso Jakitunaren arreba, zein Ingalaterrako Rikardo "Lehoi Bihotza" erregearekin ezkondu baitzen.
Berorize
Zuberoako herria (Frantsesez Montory) eta Andre Mariaren adbokazioa. Irudia XVII. mendekoa da.
Berriotxoa
Bizkaiko bi patroietako bat den Balentin Berriotxoa Elorrion (B) jaio zen 1827an. Domingotarretan sartu eta 1857an egungo Vietnam aldera abiatu zen, misiolari. Tamalez, debekaturik zegoen kristautasuna aldarrikatzea eta ezkutuan ibili behar izan zuen, Vinh izena harturik. Azkenik, 1861eko azaroaren lehenean harrapatu eta martirizatu egin zuten.
Bertiz
Nafarroako ibarra (Bertizarana) eta jaurerria, Erdi Aroan Mari aitzinean zuela emazteki izentzat erabilia. Jaurerria parke naturala da, azkeneko jabeak horretarako oparitu baitzion Nafarroari, eta Euskal Herriko oihan atlantiko onenetakoa. Udal armarrian lamina bat ikus dezakegu, ezkerreko eskuan orrazia eta eskuinean ispilua dituela.
Bertolo
Erdi Aroko izena, itxuraz Bertolomeo-ren aldaera laburtua. Artaxoa (N) herrian Bertolo Somberria agertzen zaigu XIV. mendean.
Bertzijana
Ekora (A) herriko Andre Mariaren baseliza. Kondairak dioenez artzain bati agertu omen zitzaion. Ama Birjina ume, gazte eta soroen babeslea da. Maiatzaren 12an igotzen da irudia parrokiaraino eta abuztuan jaisten.
Betiñe
Beti aditzondoa oinarritzat harturik beste batzuen analogiaz sortu den izen berria. Bukaera S. Aranak asmatutako -ñe atzizki femeninoa da. Jaieguna martxoaren 7an da.
Betixa
Petri-tik ateratako Betri aldaeraren baliokide femeninoa dela dirudi. Iruñerrian aurkitu dugu, XIII. mendean (Betissa).
Betolatza
Arratzu-Ubarrundiako (A) herrixka eta Andre Mariaren eliza, aztarna erromanikoak dituena. Jaia abuztuaren 15ean da.
Bianditz
Lesaka eta Goizueta (N) artean dagoen mendia (804 m). Bertan badira bi trikuharri.
Bibiñe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Vivina-ren baliokidetzat ematen den izena.
Bidane
Monteagudoko (N) Bideko Andre Mariaren adbokazioaren euskal kidea. Izena Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n agertzen den -ne atzizki femeninoa erabiliz sortu da.
Bidarte
Ondarroa (B) herriko Andre Mariaren baseliza. Irudia marinel batzuek aurkitu zuten, Amabirjiñen solue izeneko haitzuloan. Ermita Antiguako elizatik hurbil zegoen, baina 1969an erre egin zen eta irudia desagertu.
Bidatz
Euskal Izendegia-n jasotzen da. Berez bide izen arruntaren eratorria da.