Aurkitu zure izena
Primary tabs
Aznar
Ohiko izena Erdi Aroan, Nafarroan batik bat. Apardoze (N) herrian 991. urtean bi Aznar bizi ziren; 1258an Iruñeko Aznar batek San Nikolas burgua erre omen zuen nahi gabe. Aznar gero deitura bihurtu zen.
Aztegieta
Gasteizko kontzejua eta Andre Mariaren eliza. Eraikuntza gotikoa da, baina badu leiho erromaniko bat. Jaia irailaren zortzian da.
Aztiri
Gabiriko auzo baten izena eta bertako seme den Aita Julian Alustitza (1913) frantziskotar idazlearen goitizena. Bere olerkiak Egan, Euzko Gogoa, Arantzazu eta Goiz Argi agerkarietan argitaratu zituen.
Azubeli
Erdi Aroko izena, 1046an Leiren (dompno Azubeli [...] et dompno Sancio Azubeliz) dokumentatua. Ezkarozen (N) eta Otsagabian (N) Azubele aldaera agertzen da, 1072. urtean.
Babesne
Andre Mariaren adbokazioa. Ama Birjina Elizaren ama denez gero, honen baitan babesa duten kristau guztiena ere bada. Beste batzuetan bezala, analogiaz -ne atzizkia erabiliz jendeak sortutako izena da, babes hitza oinarritzat hartuta. Jaieguna urriaren 30ean da.
Badaia
Arabako mendikatea. Bertan Badaia dorrearen zaharkinen gainean eraikitako santa Katalinaren monasterioa egon zen.
Baia
Arabako ugaldea, Gorbeian jaio eta Ebro ibaian ura isurtzen duena. Izena horrela agertzen da Kukullako Donemiliaga (Lo) monasterioko dokumentazioan, 956. urtean ("...et molino in rivo de Baia"). Badirudi izen honen oinarrian ibai edo *bai hidronimoa dagoela.
Baiakua
Ibargoitin (N) zegoen Andre Mariaren monasterioa. Lehendabiziko aipamena 991. urtekoa da, errege Gartzes II.ak eta honen arreba Tota-k Leireri eman ziotenekoa. Monasterioa desagertzean dermioa Idotzin eta Altzorritz herrien artean banatu zen.
Bakar
Hitz arrunta eta Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n Bakarne izenarentzat proposaturiko baliokide maskulinoa. Gaur egun gizonezkoek horrelako izenak izatea bitxia den arren, XX. mendearen hasieran ohikoa zen. Ikus Bakarne emakume izenen zerrendan.
Bakarne
Ostiral Santuko Andre Mariaren adbokazio honek Semea hildakoan Amaren bakartasuna gogoratzen digu. Izena Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatu zen, oinarritzat bakar hartuta. Honen hipokoristikoa Bakartxo dugu.
Bake
Augustoren garaian hasi zen Erroman Bakea-ren alderako kultua. Vespasianoren denboran garrantzi handia izan zuen, hainbeste non epaile, bestal eta apaizek parte hartu behar baitzuten uztailaren 4an egiten zen jaian. Beranduago kristauek Bakearen Andre Maria izendatu zuten, jaia berenganatuz.
Bakene
S. Aranaren bideko -ne atzizkia erabiliz sortutako izena, oinarritzat bake harturik.
Baladi
Blas izenaren euskarazko aldaera da ("Jaun done Baladi / nik sua estali / edozein gaixto jin baladi / bortan bedi harri"). Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n ere biltzen da, Blas-en baliokidetzat.
Baldasar
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatutako izena.
Balere
Gens baten izena zen latineko Valeria-rentzat Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposaturiko kidea. Honela deitzen zen I. mendeko santa bat, san Vidalen emazte eta Gervasio eta Protasio santuen ama izan zena, bai eta IV. mendeko Erromako printzesa bat ere. Jaieguna apirilaren 28an da.
Balerene
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n latineko Valeriana-rentzat proposaturiko baliokidea. Latineko izen hori Valerius 'osasuntsu' hitzetik edo Valeria leinu izenetik dator. Honen aldaera den Balene jendeak egindako laburtzea da.
Balkoe
Erdi Aroko euskal izena, Iruñean XIV. mendean ageri den Falcon-ekin hertsiki loturik dagoena. 1105ean Balcoe de la Torlegi azaltzen da Iruñeko katedraleko artxiboan.
Baltz
Erdi Aroko euskal izena. 1353an Baltza izeneko batek sinatu zuen bakea abendañotarrekin, Bilbon.