Aurkitu zure izena
Primary tabs
Utxin
F. Navarro Villosladak idatzitako Amaya o los vascos en el siglo VIII liburuan agertzen den pertsonaia. A. Campión idazle eta ikertzaileak (Iruñea, 1853 - Donostia, 1937) Utxin de Mendaur goitizena erabili zuen.
Uxue
Nafarroako hiribildua eta Andre Mariaren adbokazioa. Diotenez uso batek adierazi zion mendian saldoarekin zebilen artzainari Ama Birjinaren irudia non zegoen, eta horri zor omen zaio Uxue izena. Ikusgarriak dira eliza (gaztelu-eliza), erromaniko eta gotiko estiloetakoa, Andre Maria beltzaranaren irudia eta herri osoa.
Uztai
Hitz arrunta ('biribilki formako gauzakia'), azken urteotan pertsona izentzat indar handia hartu duena.
Uztail
Hilabete baten izena. Hitzak berak dioen bezala, uzta biltzen da garai honetan.
Uztaritze
Lapurdiko herria eta kantonamendu burua. Frantziako iraultza arte hemen egiten ziren lapurtarren biltzarrak. Azkeneko bilkuran, 1789ko azaroaren 18an egindakoan, Iparraldeko hiru probintziak departamendu bakar batean biltzea eskatu zen.
Uzturre
Tolosako (G) mendia eta Jesus Intsausti (Tolosa 1912 - Arratzu, 1993) idazlearen goitizena.
Xabadin
Iparraldean ibiltzen den izena; Satrustegik Sabina-ren baliokidetzat hartzen du. Xobadin eta Xalbadin aldaerak ere baditu. Ez da ahantzi behar, alabaina, XVI. mendean Sabat (gizona) eta Sabada (emakumea) ardurakoak zirela gure artean (cf. Hondarribiko Sabada de Aguirre, 1577an) eta Aezkoan Xabat deritzan etxea badela.
Xabier
Nafarroako gaztelu eta herria, bertako seme izan zen Frantzisko Jatsu Azpilikueta santuari esker mundu osoan ezaguna. Ikasle zela Ignazio Loiolakoaren ezagutza egin zuen Parisen eta Jesusen konpainian sartu. 1541ean Ekialdeko Indietara joan zen, eta hamaika urte beranduago hil.
Xabierra
Xabier gizon izenaren aldaera femenino berria da. Baliokideak: Javiera (gaz.) eta Xaviere (fr.).
Xalbador
Fernando Aire (Urepel, 1920 - 1976) bertsolariaren goitizena. Xalbadorrenea sortetxetik hartu zuen, Euskal Herrian ohi den gisan. Bere ohorez Xabier Lete olerkariak hau idatzi zuen:
Adiskide bat bazen
orotan bihotz bera
poesiaren hegoek
sentimentuzko bertsoek
antza aldatzen zutena.
Xemein
Bizkaiko herria eta Markina hiribilduko patroia den Andre Mariaren adbokazioa. Hiribilduari emandako hirigutunean Xemeingain eliza agertzen da. Markina izan zen Bizkaian Sortzez Garbiaren dogma onartu zuen lehenengo herria. Abenduaren 8an, jaiegunean, udaletxeko batzar gelan dagoen irudiari argiak jartzeko ohitura izan da.
Xenpelar
J.F. Petrirena (Errenteria, 1835 - 1869) bertsolariaren ezizena, sortetxearen izenetik heldu zaiona (Senperelarre, 1860an). Gazterik hil bazen ere eragin handia izan zuen, eta berak jarritako bertsoek jendearen gogoan eta ahotan diraute oraindik. Ogibidez fabrika bateko langileburua zen eta aginduak bertsotan ematen zituen, zenbaitetan bederik.
Xuban
Erromatarren garaiko (I-III m.) teonimoa (Xuban deo), Akitaniako idazkunetan azaltzen dena. Arbas (F) herriko harlandu batean kausitu zuten, XIX. mendean.
Xurio
Erdi Aroko izena, Txurio-ren aldaera eta oraingo Jurío deituraren sorburua. 1489an Oñatin (G) agertzen da.
Yera
Arreo herriko Andre Mariaren baseliza, Erriberagoitian (A). Antzina lakuaren tokian ba omen zen benta bat, baina behin Andre Maria eta Jesus eskale jantzita joan omen ziren hara, eta, erremusina ukatu zietenez, urak etxea irentsi omen zuen. Uztailaren bian irudi erromanikoa Biloriako elizara eramaten zen, bertako Santa Ana ordezkatzeko.
Zabalate
Arabako herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Uda / Trebiñoren eta Ebroarroaren arteko igarobide edo "atean" dago; antzina gaztelua zuen gainean, atearen zaindari. Euskal izen zaharra, Zabalate, Andre Maria adierazteko baizik ez da gorde, bere itzulpena den Portilla izan baita izen ofizial bakarra menderik mende, euskararen bazterketaren ondorioz.
Zabaleta
Urretxu (G) herriko Andre Mariaren adbokazioa. Irudia Done Joanesen baselizakoa zen eta Zabaleta baserrian gordetzen zen. Gaur egun jabego pribatua da.