Aurkitu zure izena
Primary tabs
Larrain
Eultzia egiten zen tokia zen larraina, usu etxe ondoan zegoena. Egun gari-ebakigailu berriek lehengo larrainak eta eultzitzeko makinak zeharo baztertu dituzte.
Larraine
Zuberoako herria (frantsesez Larrau). Izena lehenagoko Larraun batetik atera da, eskualde horretako hizkeraren araberako bilakaeraz.
Larraitz
Andre Mariaren baseliza, Larrunarri edo Txindoki mendiaren mazelean, Abaltzisketan (G). Aralarko artzainek debozio handia izan diote.
Larrara
Andre Mariaren antzinako baseliza, Dulantzin (A). Hiribildua sortzean desagertutako Larrara herriko eliza zen.
Larratza
Andre Mariaren antzinako baseliza, Artiedakoa (N), herriaren aldamenean zegoena. Jai eguna abuztuaren 4an zen. Izen hau larre-ren eratorria da, eta alhapidetako baliatzen den lur landugabea adiera ohi du.
Larrauri
Andre Mariaren bi adbokazio daude izen honekin, bat Mungian (B) eta bestea Bernedon (A). Mungiako Larrauri auzoko Ama Birjinaren elizak XVI. mendean lortu zuen herritik banatu eta parrokia izatea. Andre Mariak eskuan duen arteak kristau gatibuak irudikatzen ditu. Bernedoko ermita, Urarte auzoan dagoena, Larrauri herri hustuko eliza zen. Atea XVIII.
Larrintzar
Andre Mariaren baseliza, Mendozakoa (A), XIX. mendean lekutu zena. Izenaren osagaiak larrin 'larraina' eta zar 'zaharra' dira.
Lartaun
F. Navarro Villoslada idazlearen Amaya o los vascos en el siglo VIII liburuko pertsonaia.
Lasarte
Andre Mariaren bi adbokazio daude izen honekin: Bitorianoko (A) antzinako komentua eta Lasarteko (A) eliza. Lehena 1089. urtean eman zion Gartzia Gonzalezek Kukullako Donemiliagako (Lo) monasterioari: "Unum monasterium Lasarte... in ipsa villa Victoriano...". Monasterioa hustean baseliza bihurtu zen eta XIX. mendean erori.
Lasko
Erdi Aroko izena. Ziortzako kolegiatan (B) goitizen hori duen nekazaria ageri da 1486. urtean.
Lastarri
Ibarrangeluko (B) auzune baten izena eta Imanol Laspiur (Bergara, 1929) idazlearen goitizena. Idazleak hitz jokoa egin zuen, bere izena eta auzunearena nahaste ematean: Las(piur')tar I(manol).
Latxa
Barriako (A) komentuarena izan zen antzinako herria, aztarnatzat errota besterik utzi ez duena. Eliza Andre Mariari eskainirik zegoen.
Lauaxeta
Esteban Urkiaga (Mungia 1907 - Gasteiz, 1937) idazlearen goitizena. Lizardirekin batera euskarazko olerkaririk handienetakoa dugu. Zoritxarrez 1937an "nazionalek" Gasteizen fusilatu zuten -adiskide izan zuen Garcia Lorca bezala-, Euzko Alderdi Jeltzaleko alderdikidea izateagatik, 30 urte zituela.
Laurentzi
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposaturiko izena.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- hur ›
- azkena »