Aurkitu zure izena
Primary tabs
Lore
Hitz arrunta eta Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Flora-ren baliokidetako ematen den izena.
Lorea
Hiru iturburu ditu izen honek: hitz arrunta da ('lilia'), Zallako (B) Andre Mariaren baseliza eta Navarro Villosladaren Amaya o los vascos en el siglo VIII eleberriko pertsonaia. Aldaerak: Lili eta Lore.
Loredi
'Lorategia' adiera duen hitz hau Latineko Flora izenaren baliokidea da.
Lorete
Gaztelaniazko (Nuestra Señora de) Loreto-rentzat Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n ematen den baliokidea. Italiako hiri txiki honen izena latineko Lauretum, Loretum-etik ('laurus, ereinotz ugari zegoen Aventino mendiko tokia') dator.
Loria
Latineko Gloria-tik dator. Honen kultua kristautasunari itxekirik ageri da, baina izan zaharragoa da, Erroman Errepublikaren garaian azaltzen baita. Jainkoa goraipatzeko ereserkiaren hasiera zelako ("Gloria in excelsis Deo") zabaldu zen lehen kristauen artean. Aldaerak: Aintza eta Aintzane (Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia).
Lotza
Antsoain (N) zendeako herria eta Andre Mariaren eliza. Eraikuntza erromanikoa bada ere aski aldaturik dago, karlisten gerran hormetako bat eraitsi baitzuten.
Loxa
Nafarroako Argiñaritzen (Lucretius Proculus Loxae) eta Xabierren (Aemilia Paterna Losae) aurkitutako idazkunetan ageri den izena.
Luar
Leireko dokumentazioan aipatzen da, 1112an (castro Luar). Aragoiko Loarre gaztelu ezagunaren izenaren aldaera da.
Luberri
Jose Manuel Estonba (Irun, 1916) idazlearen goitizena. Bergaran eta Derion irakasle egon ondoren Ekuadorrera joan zen misiolari. Hiru lan argitaratu ditu: Izartxo, Etxepare eta Urgoitiko mutilak.
Luka
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposaturiko izena.
Lukadia
Erdi Aroan ageri den Leokadia izenaren aldaera. 1053an dokumentazen da Valpuestan ("Ego Lucadie et filio meo Nunu").
Luke
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Lucia izenarentzat ematen den baliokidea.
Luki
Elkarrekin lotutako bi adiera ditu honek: animalia izena da lehenik ('azeria', Euskal Herriko mendebaldean) eta Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n jasotako pertsona izena gero. Etorkia, bi adieren sorburua, latineko Lucius antroponimoa da (ikus Luzio). Hizkuntza askotan azeriaren izena tabua da eta ezin da esan.
Lur
Lurra, izaki eta gizaki ororen bizilekua, Ilargiaren eta Eguzkiaren ama da. Europa osoan hartu izan da jainkotzat, bizi iturria baita. Gure arteko Mari, esaterako, Lurraren irudikatzea dateke. Berarekiko lotura hartzuloen alderako jaieran ikusten da. Aldaera: Lurra.
Lurda
Biarnoko hiri ezaguna, frantsesez Lourdes deitua eta gaskoiz Lorda. Hemen, 1858. urtean, Andre Maria agertu omen zitzaion Bernadette Soubirous izeneko neskatilari eta horrezkeroztik erromes toki garrantzitsuenetakoa bihurtu da Europan. Jaia otsailaren 11n ospatzen da. Baliokideak: Lourdes (gaz. eta fr.) eta Lorda (Bearn).
Luze
Erdi Arotik gaurdaino iraun duen izena, goitizen moduan baizik ez bada ere. Erdi Aroan, Europa osoan, usaiakoa zen adjektiboak jendea izendatzeko erabiltzea.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6