Aurkitu zure izena
Primary tabs
Otili
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n Otilio-ren baliokidetzat proposatutako izena.
Otille
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n ematen da, germaniar jatorria (Othal 'aberria') duen gaztelaniazko Otilia-ren baliokidetzat. Jai eguna abenduaren 13an da.
Otsakar
Txulapaingo (N) herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Irudia XIV. mendekoa da; jaia irailaren 14an ospatzen da.
Otsalar
Juan San Martín (Eibar, 1922) idazle eta euskaltzain osoaren goitizena.
Otsanda
Otso izenaren hipokoristiko femeninoa, XVI. mendean artean bizirik zegoena (Ochanda de Mendraca, Elorrio, B, 1514). Otsanda edo Otxanda-k eta gizonentzako Otsando, Otxando-k aztarna franko utzi dituzte oikonimo eta toponimoetan: Otsandategi (Bizkaiko etxe izen usua), Otxanduri (Errioxako herri izena)...
Otsando
Otso izenaren Erdi Aroko hipokoristikoa. Honek eta Otsanda femeninoak aztarna franko utzi dituzte oikonimo eta toponimoetan: Otsandategi (Bizkaiko etxe izen usua), Otxanduri (Errioxako herri izena)...
Otsoa
Ohiko euskal izena Erdi Aroan, gaztelaniazko Lope-ren kidea, jatorria otsoa (Canis lupus) hitzean duena. Gaur egun bizirik dago deituratzat (Otxoa) eta zenbait toponimoren osagaitzat. Zallan (B), esate baterako, Otxaran ('Otxoaren harana' etorkiz) auzoa dago. Aldaera eta eratorriak: Otxoa, Otsando, Otsote eta Otxoko.
Otsobi
Jules Moulier (Bidarrai, 1888 - Hiriburu, 1958) idazlearen goitizena. Bertsoengatik egin zen ezaguna, baina pastoral bat eta alegiak ere idatzi zituen. Michel Labegueriek bertso hau moldatu zuen haren oroimenez:
Bi begietan ximixtak, boza dena ihurtzuri,
azaletik otso beltza, bainan barnez uso zuri
lehengo profeta bat zinuen iduri...
Otxanda
Otsanda-ren antzinako aldaera hipokoristikoa. Lehen aldiz Leireko dokumentazioan ageri da, 1188. urtean (dona Ochanda). Ikus Otsanda eta Otxoanda. Garaibaik bildutako Milia Lasturkoren oroimenezko eresian ere azaltzen da:
Otxoanda
Del Valle Lertsundik Gipuzkoan biltzen duen Otsanda, Otxanda-ren aldaera, XV-XVI. mendeetakoa.
Otxoitza
Gipuzkoan azaltzen da, XVI. mendean (Ochoiza). Osagaiak Otxoa gizon izena, patronimikoaren -(e)(i)tz atzizkia eta -a bukaera femeninoa dira.
Otxote
Elgetako Atxagako Otxote izan zen 1448an Arrasateri su eman ziotenetako bat. Izena berez Otxoa-ren hipokoristikoa zen.
Otzaurte
Zegamako (G) Andre Mariaren baseliza. 1969an amaitu zuten ermita hau Altsasurako bidean dago, artzain etxolen artean, Araitz malkorraren aurrean. Barruan Sandratiko tuneleko Ama Birjina gordetzen da.
Oxarra
Erdi Aroko euskal izena. Garesen (N) Ossarra agertzen da 1110-1119 bitartean, eta Leireko dokumentazioan Lope Ocharra 1188. urtean. Ozar 'txakurra, ora' izen arruntaren txikigarritzat jo du autoreren batek.
Ozana
Uda / Trebiñoko herria eta Andre Mariaren eliza. Jaiak abuztuaren 15ean dira.
Ozeta
Barrundia (A) udalerriko herria. 1040an agertzen da, Ozeta idatzia. Hemen Andre Mariaren baseliza bat egon zen, baina gaur egun desagertua da. Bertan jaio zen Juan Luzuriaga frantziskotarra.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- hur ›
- azkena »