Aurkitu zure izena
Primary tabs
Orbaitz
Longida (N) ibarreko herria eta Andre Mariaren adbokazioa, Done Martieren elizakoa. Gaur egun herria hutsik badago ere, karrikak eta egitura gotikoko etxeak oraindik ikus daitezke. Herriko jaiak abenduaren 26an eta Igokundearen asteazkenean ziren.
Orbange
Gaztelaniazko Inmaculada-ren euskal baliokideetako bat da hau. Egun horretan (abenduaren 8an) Andre Maria bekaturik gabe jaiotzea ospatzen da. Jaia Ekialdean sortu zen eta handik Erromara etorri, non 1476n onartu baitzen. Baliokidea: Inmaculada (gaz.).
Orbita
Erdi Aroko izena, Auribita-ren aldaera, itxuraz (cf. Oribita, Orobita). Honela deitzen zen Nafarroako Antso lehenaren alabetako bat. Gizon izena ere izan zitekeen.
Ordizia
Gipuzkoako herria eta Igokundearen Andre Mariaren adbokazioa. Egungo eliza XVIII. mendean eraiki zuten.
Ordoitz
Izen honetako toponimo bat baino gehiago ditugu Nafarroan, Jimeno Juriok dioenez: Ordoiz Lizarrako herria izan zen, gaur egun baserri bihurturik bizi den arren; Gollaon (N) ere Erdoiz, Ordoyza, Ordoyça, Ordoyz izeneko herri hustua genuen. Muzkin (Gesalatz, N) eta Urben (Zirauki, N) Erdoiz edo Ordoiz ageri dira, eta Aranatzerrian (N) Herrdocia.
Oreitia
Gasteizko herria eta elizako aldare batean dagoen Arrosarioko Amaren irudia. Herriaren aurreneko aipua 1025. urtekoa da.
Oreka
Angucianako (Lo) Andre Mariaren baseliza, Zihuriko bidean. Egungo eraikuntza XVII. mendekoa den arren, badirudi oinarria zaharragoa dela. Euskaraz izen arrunta ere bada.
Orella
Bideko Andre Mariaren ermita, XVIII. mendekoa, Arribe-Atallun (N). Orella-Goikoetxeatarrek eraiki zuten eta hortik izena. Luzaiden (N) bada Orelladeritzan aurkintza.
Orendain
Gipuzkoako herria eta Andre Mariaren adbokazioa. Herriak Tolosarekin bat egin zuen 1374an eta 1615ean lortu zuen hiribildua izatea. Nafarroan ere bada izen bereko herri hustua, Girgillao eta Mañeruren artean.
Orentzi
Aldaera hau Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatu zen, gaztelaniazko Orencio-ren baliokidetako; jatorria latineko Orientius 'ekialdekoa' hitzean du. San Orentzio (IV. m.) idazlea izan zen eta Auch-eko (F) apezpikua. Erlikiak Huescan daude. Jaieguna maiatzaren 1ean da. Baliokidea: Orencio (gaz.).
Orgi
Ultzamako (N) hariztia, egun parke naturala. Euskal Herrian hobekien gorde den mota honetako basoetako bat da.
Orhi
Pirinioetako mendia (2.021 m). Oihenartek XVII. mendean bi atsotitzetan aipatzen du, 372.ean ("Orhiko xoriak, Orhi laket") eta 373.ean ("Orhin ekhia bero"). Lehenean, gainera, azalpen hau ematen du: "Orhi da Bortuetan mendi gora bat, Nafarroa elgatako ('Nafarroa Garaiko' dirudienez) eta Zuberoako mugan".
Oria
Auria-ren Erdi Aroko aldaera. Lizarran (N) 1333. urtean dona Oria d'Ouanos bizi zen.
Oritz
Nafarroako herria eta Andre Mariaren eliza, irudi erromanikoa duena. Bertan baziren XVI. mendeko margolanak.
Orixe
Nikolas Ormaetxea (Orexa, 1888 - Añorga, 1961) idazle eta euskaltzain osoaren goitizena. Egindako lanik aipagarriena Euskaldunak poema dugu.
Orkatz
Basoan bizi den oreinaren familiako hausnarkari txikia (Capreolus capreolus).
Oro
Zuia (A) ibarrean biziro leku eder eta ikusgarrian kokatutako Andre Mariaren santutegia. Herrikoek beherago eraiki nahi izan omen zuten, baina alferrik, eramandako gauza guztiak lekuz aldatu eta egun santutegia dagoen tokian agertzen baitziren. Erromatarren garaiko (I-III. mendeak) Akitaniako idazkunetan agertzen den izena ere bada Oro.
Ororbia
Oltza zendeako (N) herria eta bertako elizako aldare batean dagoen Andre Mariaren irudia. 1043an Nafarroako erregeak Ororbia Santxo Fortuñezi eman zion eta lau urte beranduago honek Leireko monasterioari utzi. Emate agiriko lekukoetako bat Enneco Lopiz Bizkaiko jauna izan zen.
Orose
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Orosia edo Eurosia izenaren baliokidetako ematen da. Santa Orosia Baionan jaio zen VII. mendean, eta mairuek Jakan martirizatu eta hil zuten 714. urtean. Jaieguna ekainaren 25ean da.
Orrao
Andre Mariaren antzinako baseliza, Albeizkoa (A). Irudia herriko elizan gordetzen da eta izenak bertako errota baten deizioan dirau bizirik.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- hur ›
- azkena »