Aurkitu zure izena
Primary tabs
Iturrisantu
Ataungo (G) Andre Mariaren baseliza, Aitzarte auzokoa. Izena ondoko iturritik datorkio, bertako urak eritasunak sendatzeko erabili izan baitira. Alboan bainuetxea ere izan zen. Ermita hondatu zenean irudia Done Martie elizara eraman zuten.
Itxaro
Itxaropena hiru bertute teologaletako bat da kristauentzat; beste biak Fedea eta Karitatea dira. Santa Sofiak hiru bertuteon izenak jarri zizkien alaba martiriei. Hauen santutegia Conques herrian dago, Frantzian. Aldaerak: Itxaropena eta Espe (Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia). Baliokideak: Esperanza (gaz.) eta Esperance (fr.).
Itxina
Gorbeia (B) mendiko harkaiztia. Edertasun handiko aurkintza karstiko honetan Supelogor haitzuloa dago, Mariren bizilekuetako bat. Arratiatik joanez gero Atxulaur atetik sartu behar da. Geologiaren eta Biologiaren aldetik hagitz leku garrantzitsua dugu hau.
Itzaina
Desagertzeko zorian dagoen lanbidearen izena (idi + zaina), Erdi Aroan goitizentzat erabilia.
Itzalle
Zaraitzu ibarreko herria, Nafarroan. Bertan, Arburua izeneko dermioan, Andre Mariaren baseliza egon zen garai batean.
Itzaltzu
Zaraitzu ibarreko herria (N), Arturo Campionen El Bardo de Izalzu eleberriagatik ezagun egin dena.
Itziar
Deba (G) herriko auzoa eta Andre Mariaren santutegi ezaguna. Hemen ere, Euskal Herriko beste leku askotan bezala, eliza Ama Birjina agertu zen lekutik urrun eraikitzen saiatu omen ziren, baina alfer-alferrik, gauez gauza guztiak jatorrizko lekura itzultzen baitziren. Itsasoko jendeak debozio handia dio. XVIII. mendean haren gorazarrez egindako bertso batzuk idatzi ziren; honela hasten dira:
Izadi
Hitz arrunta ('natura'), azken urteotan usu ponte izentzat erabilia. Erromatarren garaitik lotu dira izadia eta emakumea, naturaren jainkosa Flora zenez geroztik.
Izani
Erdi Aroko izena. 950. urtean Izani, Anderazu-ren seme bakarra, Valpuestako monasterioan sartu zen.
Izar
Gau oskarbian zeruan dir-dir egiten duten argizagi urrunen izena. Aldaerak: Izarne eta Izarra.
Izarne
Izen berria da hau. Osagaiak izar hitza eta -ne atzizki femenino berria dira.
Izaro
Bermeoko (B) uhartea eta Andre Mariaren antzinako baseliza. XVII. mendean frantziskotarren komentua izan zen bertan. Magdalena egunean Izarora joaten dira bermeotarrak eta, beren jabegoa azaltze aldera, uretara teila bat botatzen dute.
Izarra
Urkabustaiz (A) udalerriko herria eta Andre Mariaren eliza. Jaia irailaren 8an da. Juan de Izarra idazlearen goitizena ere izan zen.
Izarraitz
Azpeitia (G) herriko mendia. Barandiaranek bildutako ipuin baten arabera Izarraitz-ek ondoko Izazpi-ri "hi zer haiz?" galdegin omen zion, eta Izazpik "hi bezalako zazpi" erantzun. Honi zor omen zaizkio bi mendion izenak.
Izaskun
Tolosako (G) Andre Mariaren baseliza eta hiriaren zaindaria. Senar-emazteak haur eske joan izan dira bertara. Aipurik zaharrena XV. mendekoa da.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- hur ›
- azkena »