Aurkitu zure izena
Primary tabs
Ikuska
Izen hau zuen 1921ean, Gasteizen, J. M. Barandiaranen gidaritzapean Euskal Herriko historiaurrea eta etnografia ikertzeko sortu zen erakundeak. Osagaiak ikus(i) aditza eta errepikapena adierazi ohi duen -ka atzizkia dira. Euskal Izendegia-n biltzen da.
Ilargi
Ilargia edo Ilazkia gaueko argizagi nagusia da. Euskal mitologian emea da: "Ilargi amandre santua, Jainkook bedeinka; nere begi ederrak gatzik ez deiola; ikusten duen guzik hala esan deiola" (Zerain, G). Erromatarren garaian jainkotzat hartzen zen, Santakara (N) herrian aurkitutako eskaintza harri batean ikus daitekeen bezala.
Ilazki
Zaraitzu (N) aldeko hitz honek 'ilargia' adiera du. Honela esan ohi da: "Ilazki amandrea zeruan zer berri?". Zenbait tokitan Marigorri ezizena du.
Ilazkine
XX. mendean S. Aranaren ildotik sortutako izen berria. Oinarria ilazki 'ilargia' da eta bukaera -ne atzizki femenino berria.
Iligardia
Errioxako Otxanduri herriko Andre Mariaren adbokazioa. Gogoratu behar da Errioxako hizkuntza, hein handi batean, euskara izan dela, bertako leku izenek (Ezkarai, Herramelluri eta bestek) ongi adierazten duten bezala.
Illare
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Hilaria-ren baliokidetako ematen den izena.
Illariñe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n agertzen da, gaztelaniazko Hilarina-ren baliokidetzat.
Ilotz
Lizoainibarko (N) Andre Mariaren baseliza. Izatez XX. mendearen hasieran hustutako Ilotz herriko eliza da. Irudia XIII. mendekoa da.
Ilun
Erromatarren garaiko (I-III m.) Akitaniako idazkunetan agertzen den izena. Gehienetan Iluni / Ilunno latindurik agertzen da.
Iluna
Erromatarren garaiko (I-III m.) Akitaniako idazkunetan (Ilunnosi) eta Arabako Tresponden (Illuna) agertzen den izena (ilun adjektibotik, antza).
Iluntso
Erdi Aroko euskal izena, 1514an Ermuan (B) dokumentatua. Toponimian Iluntsoain eta Iluntsain ere baditugu. Akitanian (I-III m.) Ilunosi izena agertzen da.
Iluntze
Iluntzea eta ilunabarra gauza bat-bera dira, hots, 'Eguzkia sartu eta berehalako argi ahultzea' adierazten dute.
Iñaki
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n proposatutako izena (ikus Eneko eta Ignacio). Hau izan zen 1938an euskal izenak debekatu zirenean aipatu zen hiruretako bat: "los nombres de Iñaki, Kepa, Koldobika y otros que denuncian indiscutible significación separatista".
Inar
Berez izen arrunta da eta 'pindarra, txinparta' edo 'argi izpia' esan nahi du.
Ingartze
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Engracia-ren baliokidetzat ematen den izena.
Inguma
Gaueko "jenioa", etxeetan sartu, lo daudenak urduritu eta amesgaizto eragiten diena. Uxatzeko santa Ainesi eskatu ohi zaio laguntza. Bizkaiko Garai herrian honela esaten zuten: "Andra santa Ines, bart egin dot amets, ona bada berorren partez, txarra bada beiola artez".
Iñigo
Eneko izenaren erdarazko aldaera, Euskal Herrian hagitz erabilia. Zenbaitetan gaztelaniaz Iñigo erara ezagutzen ditugun pertsonaien benetako izena ez zen hori, Eneko baizik. Esaterako, 842. urtean Nafarroako erregeak Leireko monasterioari lur sail batzuk ematean ego Enneco izenpetzen du. 850.
Intxixu
Haitzuloetan bizi den izaki mitologikoa. Oiartzun (G) herrian, esaterako, Arditurri haitzuloan bizi omen da.
Intza
Araizko (N) herria eta bertako Done Jakueren elizan dagoen Andre Mariaren adbokazioa. Egungo eraikuntza berria da, antzinakoa lurrikara batek hondatu baitzuen, 1715. urtean. Jaieguna irailaren 8an da.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- 7
- hur ›
- azkena »