Aurkitu zure izena
Primary tabs
Eguzkia
Munduko erlijio zahar guztietan egon da Eki edo Eguzki-arekiko jaiera, hori baita bizitzaren iturria. Euskal mitologian Eguzkia -Ilargia bezala- Lurraren alaba da, emea beraz, eta gauero elkartzen da amarekin. Aldaerak: Eguzkiñe, Ekia eta Ekiñe. Zenbait lekutan hauxe esaten da iluntzean: "Eguzki amandrea badoa bere amagana".
Eguzkiñe
Beste batzuetan gertatzen den bezala, herriak sortutako izena da hau, S. Aranaren bideari jarraikiz. Oinarria, bistan denez, eguzki da eta bukaera aipatu autorearen bideko -ñe atzizki femeninoa
Eider
Eideard gaelikoz (Eskozian eta Irlandan) Edward izenaren aldaera da. Europako iparraldean hegazti bati deitzen zaio honela.
Eilo
Erdi Aroan oso arrunta zen izen hau, Araban bereziki. 1025. urtean, esaterako, Valpuestako kartularioan ageri da. Aldaerak: Elo eta Eilon.
Eita
Erdi Aroko euskal izena, berez Aita-ren (aita izen arruntetik) aldaera dena. 956an Valpuestako kartularioan agertzen da.
Ekai
Arakil eta Longida (N) ibarretako herriak eta bigarreneko Andre Mariaren adbokazioa. Arakilgo herriaren lehen aipamena 1257koa da, eta Longidakoarena 1058koa (Ekai). Azken honek, Donejakue bidean zegoenez gero, bazuen erromesentzako ospitalea. Andre Maria Done Martieren elizan dago. Eraikuntza hau eta irudia erromanikoak dira, baina aipagarriena hormetan dauden margolanak dira.
Ekain
Zestoa eta Debaren (G) artean dagoen haitzulo ezagunaren izena. 1969an bertan aurkitutako margoak paleolitikoko ikusgarrienetakoak dira Euskal Herrian.
Ekaitza
XX. mendearen hasieran izadiarekin lotutako izenak erabiltzeko kristautasunaren aurreko tradizioa berpizten hasi zen. Haietako bat dugu ekaitza, euskaraz Marirekin hagitz erlazionaturik egon dena, ostosketak berak sortzen baititu eta askotan itxura hau hartzen baitu leku batetik bestera joateko. Arantzako (N) mendia (1.047 m) ere bada.
Eki
Eki izena sortaldeko hizkera batzuetan 'eguzkia' eta 'eguzkialdea, egutera' adierazteko erabiltzen da.
Ekiñe
Izen berria da, eki 'Eguzkia' oinarritzat harturik sortua. Bukaera S. Aranaren ildoko -ñe atzizki femeninoa da.
Ekora
Ekorako (A) patroia san Sixto izan arren, Bertzijanako Andre Mariari debozio handia diote.
Eladi
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Eladio-ren baliokidetzat proposaturiko izena. Grezian du iturri berez 'greziarra' adiera zuen honek.
Elaia
Udaberrian Afrikatik gurera etortzen den txoria, olertiari eta literaturari esker udaberriaren adierazle bihurtua. Aldaerak: Ainara eta Enara.
Elazar
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n Eleazar(o) eta Lazaro-ren baliokidetzat proposatzen da. Berez hebreerako El'azar eta arameoko La'azar izen beraren aldaerak dira eta 'Jainkoak lagundua' esan nahi dute.
Elbire
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Elvira-ren baliokidetzat ematen den izena.
Elduara
Erdi Aroan ageri den izena. 864an dokumentatzen da Valpuestan ("Ego Elduara una cum filiis meis...").