Aurkitu zure izena
Primary tabs
Berbiz
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Resurrección-en baliokidetzat ematen da. Gaur egun honelako izenak gehienbat emakumeek izaten dituzte, baina XX. mendearen hasieran gizonen artean ere arruntak ziren. Kontuan hartu Akademiaren sortzaileetako bat eta lehen euskaltzainburua izandako Azkue Resurrección zela izenez.
Berengela
Nafarroako Antso Jakitunaren arreba, zein Ingalaterrako Rikardo "Lehoi Bihotza" erregearekin ezkondu baitzen.
Berorize
Zuberoako herria (Frantsesez Montory) eta Andre Mariaren adbokazioa. Irudia XVII. mendekoa da.
Berriotxoa
Bizkaiko bi patroietako bat den Balentin Berriotxoa Elorrion (B) jaio zen 1827an. Domingotarretan sartu eta 1857an egungo Vietnam aldera abiatu zen, misiolari. Tamalez, debekaturik zegoen kristautasuna aldarrikatzea eta ezkutuan ibili behar izan zuen, Vinh izena harturik. Azkenik, 1861eko azaroaren lehenean harrapatu eta martirizatu egin zuten.
Bertiz
Nafarroako ibarra (Bertizarana) eta jaurerria, Erdi Aroan Mari aitzinean zuela emazteki izentzat erabilia. Jaurerria parke naturala da, azkeneko jabeak horretarako oparitu baitzion Nafarroari, eta Euskal Herriko oihan atlantiko onenetakoa. Udal armarrian lamina bat ikus dezakegu, ezkerreko eskuan orrazia eta eskuinean ispilua dituela.
Bertolo
Erdi Aroko izena, itxuraz Bertolomeo-ren aldaera laburtua. Artaxoa (N) herrian Bertolo Somberria agertzen zaigu XIV. mendean.
Bertzijana
Ekora (A) herriko Andre Mariaren baseliza. Kondairak dioenez artzain bati agertu omen zitzaion. Ama Birjina ume, gazte eta soroen babeslea da. Maiatzaren 12an igotzen da irudia parrokiaraino eta abuztuan jaisten.
Betiñe
Beti aditzondoa oinarritzat harturik beste batzuen analogiaz sortu den izen berria. Bukaera S. Aranak asmatutako -ñe atzizki femeninoa da. Jaieguna martxoaren 7an da.
Betixa
Petri-tik ateratako Betri aldaeraren baliokide femeninoa dela dirudi. Iruñerrian aurkitu dugu, XIII. mendean (Betissa).
Betolatza
Arratzu-Ubarrundiako (A) herrixka eta Andre Mariaren eliza, aztarna erromanikoak dituena. Jaia abuztuaren 15ean da.
Bianditz
Lesaka eta Goizueta (N) artean dagoen mendia (804 m). Bertan badira bi trikuharri.
Bibiñe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Vivina-ren baliokidetzat ematen den izena.
Bidane
Monteagudoko (N) Bideko Andre Mariaren adbokazioaren euskal kidea. Izena Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n agertzen den -ne atzizki femeninoa erabiliz sortu da.
Bidarte
Ondarroa (B) herriko Andre Mariaren baseliza. Irudia marinel batzuek aurkitu zuten, Amabirjiñen solue izeneko haitzuloan. Ermita Antiguako elizatik hurbil zegoen, baina 1969an erre egin zen eta irudia desagertu.
Bidatz
Euskal Izendegia-n jasotzen da. Berez bide izen arruntaren eratorria da.
Bigila
Erdi Aroko izena. Uegila Alcacez XI. mendean agertzen da Iratxen (N).
Bihotza
Bihotz euskal izen arrunta da. Erromatarren garaiko Akitaniako idazkunetan (I-III. m.) antroponimotzat azaltzen da, bihox-, bihos- eran (Bihoxus, Bihoscinnis...). Aldaera: Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-ren ildotik sortutako Bihozne.
Bikarregi
Dima (B) herriko auzoa eta baseliza. Nahiz eta gaur egun Magdalenarea izan aitzina Andre Mariaren zen eta ahoz Andra Mari deitzen zaio. Amak bertara joaten ziren seme-alabentzako laguntza eskatzera. Horretarako arrosarioa bederatzi aldiz errezatu behar zen. Elizaren aterpean bada bolatoki bat. Jaia egunak abuztuan 15ean eta otsailaren 5ean dira.
Bikendi
Euskarazko Binkenti, Bikenti edo Bikendi latineko vincens 'garaile' hitzetik sortutako Vincentius izenetik dator. Kristauen artean arrakasta handia izan zuen, deabrua garaitu nahia adierazten zuelako.
Bikentzi
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Vicencio-ren baliokidetzat proposatzen den izena.
Orriak
- « lehenengoa
- ‹ aurrekoa
- 1
- 2
- 3
- 4
- 5
- 6
- hur ›
- azkena »