Aurkitu zure izena
Primary tabs
Erga
Aginagako (N) mendia (1.094 m), tontor batean Hirutasun Santuaren baseliza duena. Irurtzundarrak (N) ekainean joaten dira erromerian ermitara.
Ergiña
Arrasateko (G) Bedoña auzoko Andre Mariaren baseliza. Badirudi antzinako parrokia dela. Erditzeko dauden emakumeentzat eskatu ohi zen haren babesa, bai eta, orobat, lehorte garaian. Leintz haranean Andra Mari Zuri deitzen dute. Donejakue bidean dago eta erromesentzako ospitalea izan zen. Jaia abuztuaren 5ean egiten da.
Erhe
Erhe- edo Ere- Akitaniako idazkuneetan (I-III. mendeak) azaltzen den oinarri femeninoa da, Ereseni eta Erhexoni-ren tankerako izenetan.
Eriete
Eriete herrixkako Andre Mariaren adbokazioa, Zizur zendean (N). Behiala jaurerria izan zen eta, adibidez, 1537an Antonia Olleta zen bertako nagusia. Eliza ondoan bada jauregi eder bat. Andre Mariaren irudia Otazuko (N) elizan gordetzen da.
Eritz
Latineko Felix-etik atera den Erdi Aroko euskal izena. Besteak beste, 1046. urtean ageri da Leiren.
Eriztain
Antzinako Eriztain herrixkako eliza Andre Mariaren ermita da orain, Orbaibarren (N). Lehen aldiz 1085ean dokumentatzen da. Elizaren ondoan bertako nagusien jauregia dago. Irudia erromanikoa da.
Erkuden
Andre Mariaren ermita, Altsasun (N), behiala Erkuden herri hustuko eliza izana. Jaieguna ekainaren 2an da.
Erlantz
Erdi Aroko deizioa, patronimiko itxura duena. 1301ean Domingo Erlantz de Yçaguirre dokumentatzen da Nafarroan.
Erlea
Erdi Aroko euskal izena. Antzina arrunta zen abere izenak (cf. Otsoa) jendearentzat erabiltzea, zenbait aldiz alderantzizkoa ere (cf. azeria, lukia) gertatzen zen arren.
Ermesenda
1109an Leireko dokumentazioan ageri den izena (Ermesenda Garceiz). Peñalengo Antso IV. nafar erregearen arreba ere horrela deitzen zen.
Ermin
Zabaldikako (N) Andre Mariaren baseliza, Esteribarren. Jaia abuztuaren 5ean egiten da. Orotz Betelun (N) ere bada Ermin izeneko erreka.
Ermiñe
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Herminio-ren baliokide femeninotzat proposatzen da. Izenaren jatorria ez da batere argia; eskuarki Ermin eskandinaviar teonimoarekin lotzen bada ere, zenbaiten iritzian latineko armenio-tik atera dateke. Jaieguna abenduaren 24an da. Baliokideak: Herminia (gaz.) eta Herminie (fr.).
Ermua
Zuiako (A) Andre Mariaren baseliza eta Laudioko (A) santutegia. Lehena Altuben zegoen baina aspaldi desagertu zen. Laudiokoa -gaztelaniaz Yermo- 853. urtean aipatzen da aurreneko aldiz, monasterio bezala, eta Arabako Andre Mariaren santutegirik entzutetsuenetakoa da orain, nahiz azken urteotan santa Luziak ospe handiagoa hartu duen. Jaia Mendekosteko bigarren egunean da.
Ernaut
Erdi Aroko izena. 1539an Ernaut de Yribarren ageri da Arizkun (N) herrian.
Ernio
Gipuzkoako mendia (1.075 m) eta Erdi Aroko euskal izena. Iruñeko Zapatadindan Ernio izeneko bizilaguna azaltzen da 1366an.
Erniobe
Andre Mariaren antzinako adbokazioa, eta Hernani eta Tolosaren arteko mugaldearen deizio zaharra, apaiz anaidiaren izenean bizirik dirauena.
Errafaila
Gure mitologiako zati bilakatu den izen historikoa. Errefaila Urdiainen (N) sorgina zelakoan erretako emakumea izan zen.