Aurkitu zure izena
Primary tabs
Uritz
Artzibarko (N) herria eta Andre Mariaren adbokazioa. XIII. mendeko irudi erromanikoa Done Saturdiren elizan gordetzen da.
Urizaharra
Euskaraz Urizaharra eta erdaraz Peñacerrada (A) deitzen den herri honek historia bitxia du, tokiz aldatu baita. Herria oraingo kokalekura eraman zutenean jatorrizko eliza ermita bihurtu zen, eta gero desagertu. Parrokia ere Andre Mariari eskainita dago.
Urki
Zuhaitz izena (Betula sp.). Antzina saroien erdigunean landatzen zen, bere azal zuriak saroia bertan zela adierazten baitzuen.
Urkia
Zuhaitz izena (Betula sp.). Antzina saroien erdigunean landatzen zen, zuhaitzaren azal zuriak saroia bertan zela adierazten baitzuen.
Urko
Izen honetako mendi bat baino gehiago daude Euskal Herrian. Esate baterako, Eibar-Ermuetan (G, B) eta Berangon (B).
Uronea
Bidarte (L) herriko Andre Mariaren baseliza. Larruazaleko gaitzak sendatzera joaten dira aldameneko iturrira.
Urraka
Erdi Aroan asko erabili zen izena. Nafarroako erregina bat baino gehiago deitu ziren honela. Besteak beste, Antso Gartzeitz erregearen ama aipa daiteke (IX. m.), zein larri zauriturik zegoela ebakuntza eginez erdi baitzen. 991. urtean aurkitu dugu lehen aldiz, Nafarroako Apardozen (Urraka Enecones).
Urrana
Erdi Aroko euskal izena. 1053an Elorrioko (B) San Agustin monasterioaren emate-agirian azaltzen da.
Urrategi
Andre Mariaren baseliza, Azkoitikoa (G), XVII. mendean eraikia. Jaia abenduaren 8an da.
Urretxa
Andre Mariaren antzinako monasterioa, Zuian (A). Maria Lopiz-ek Najerako (Lo) monasterioari eman zion 1112an, Mañarrieta-ko baselizarekin batera. Izurtzako (B) Mugarra mendian ere izan zen ermita bat, Urretxua dermioan.
Urrexola
Oñatiko (G) auzoa eta Andre Mariaren eliza. Izena leinztarren eta oñatiarren artean 1388tik 1401era bitarte izandako borrokaz mintzo den erromantze batean ageri da:
Gaitza zenduan Leinztarrok Urruxolako lekaioa
sendo zenduan odol hori bihurtuko jatzu gatzaioa.
Urrialdo
Martioda (A) herriko baseliza erromanikoa; 1935ean erre eta barruko margolan gotiko ederrak galdu ziren. Ermita berez Urrialdo herri hustuko eliza zen. Irudia Martiodako elizan gordetzen da.
Urrika
Erdi Aroko izena, beranduago Mari adierazteko erabilia. Anbotoko Damaren haitzuloari Urrikaren koba deitzen zaio.
Urrotz
Izen honetako herria (Malerrekan) eta hiribildua (Agoiztik hurbil) daude Nafarroan. Azken honetako eliza Andre Mariari eskainirik dago. Antso VII. Azkarrak pribilegioak eman zizkion Urrotz hiribilduari 1195. urtean; 1286tik aurrerra merkatua egiteko ahala izan zuen. Eliza gotorleku itxurako eraikuntza da, barnean ur biltegia ere baduena.
Urruña
Lapurdiko herria. Aipatzekoak dira XV. mendeko gotorlekuaren inguruan eraikirik dagoen Urtubiko jauregi-gaztelua eta Sokorriko Andre Mariaren kapera. Urruñan antolatu zituen A. Abadiak, 1853an, lehen Euskal Jaiak, Eliça-Besta deituak.
Urtats
Euskal Mitologian urtearen lehenengo eguna da, Urteberri alegia. Egun sakratua da, eta orduan bildutako urak ahalmen bereziak ditu.
Urtsin
Sabino Aranak eta Koldo Elizaldek argitaratuko Santu Izendegia-n gaztelaniazko Ursino-ren baliokidetzat ematen da. Azken hau oinarritzat ursus ('hartza') duen latineko Ursinus-etik atera da. Jaieguna azaroaren 9an da.